Japoniako Gobernuak Tokio eta inguruko eskualdetan larrialdi egoera luzatuko duela iragarri eta denbora gutxira, Olinpiar Jokoetako kirol ekitaldi guztiak ateak itxita izango direla adierazi du Olinpiar Jokoen Antolakuntza Batzordeak, Tamayo Marukawa buru dela.
Ekitaldiaren antolatzaileek (uztailaren 23an hasiera ematea aurreikusten dute) ez dute inoiz baztertu ateak itxita egitea, pandemiaren egoeraren arabera. Nolanahi ere, 10.000 ikusle edo instalazioen edukieraren erdia sartzeko asmoa zutela iragarri zuten duela gutxi.
Hasiera batean, kopurua 5.000ra jaistea edota 21.00ak baino beranduago hasten ziren kirol-probak ateak itxita egitea planteatzen hasiak ziren. Azkenean, baina, erabakia irmoagoa izan da eta ez da publikorik egongo proba guztietan, irekiera eta itxiera ekitaldietan barne.
Larrialdi egoera abuztuaren 22ra arte
Zenbait eskualdetan ekainaren bukaeran amaitu zen larrialdi egoera luzatzea erabaki du Japoniako Gobernuak. Hala, Tokio barne, uztailaren 12tik abuztuaren 22ra bitartean alarma egoeran egongo da. Beste era batera esanda, Olinpiar Jokoak alarma egoera bete-betean jokatuko dira.
Larrialdi egoera uztailaren 12an (astelehena) sartuko da indarrean, hiriburuan koronabira gehiago hedatzea saihesteko asmoz. Horixe adierazi du Yoshihide Suga Japoniako lehen ministroak pandemia kudeatzen duen gobernu batzordearekin bildu ostean. Nolanahi ere, praktikan, neurriak ez du aldaketa handirik ekarriko egungo egoerarekin, saltokientzako murrizketa gogortzeaz gain.
Japoniako lehen ministroak prentsaurrekoa emango du datozen orduetan erabakia zehatz-mehatz azaltzeko.
Osasun larrialdiko adierazpen berriak, Tokioren laugarrena denak, hiriburuko eta inguruko Olinpiar Jokoetako kirol egoitzetan bilduko den jendeari eragin diezaioke.
Japoniako Batzorde Antolatzailearen, Nazioarteko Olinpiar eta Paralinpiar Batzordeen, Tokioko agintarien eta Japoniako Gobernu zentralaren ordezkariak aste honetan bertan bilduko dira horren inguruan eztabaidatu eta erabaki bat hartzeko.
Hasiera batean, Japoniako Gobernuak zenbait murrizketa mantentzea aurreikusi zuen, nazioarteko kirol txapelketa atipikoan alerta maila handiena aitortu gabe, pandemiak urtebete atzeratu baitzuen, baina bere jarrera aldatu behar izan du, hiriburuan kutsatze kopuruak nabarmen egin baitu gora.
Tokiok 896 covid-19 kasu berri erregistratu zituen ostegun honetan, bezperan 920 zenbatu ostean. Maiatzetik antzeman dituen kopuru altuenak dira. Orduan lurraldeko gune jendetsuenetan aurreko larrialdi egoera indarrean zegoen.
Larrialdi egoera zenbait eskualdetan
Era berean, ostegun honetan iragarritako larrialdi maila hori Okinawan (hego-mendebaldea) luzatzea ere erabaki da, non jada indarrean zegoen, eta Chiba, Saitama eta Kanagawako prefekturetan zenbait murrizketa mantentzeko erabakia hartu du. Hauek Tokiorekin mugakideak dira eta Olinpiar Jokoetako zenbait txapelketa hartuko dituzte.
Osakako prefekturan (mendebaldea) ere neurriak mantenduko dituzte. Beste bost probintziatan, ordean, (Hokkaido, Kioto, Aichi, Hyogo eta Fukuoka), neurriak samurtuko dituzte astelehenetik aurrera.