NAIZ

Aragonesek gatazka politikoa konpontzeko proposamenak eskatu dizkio Sanchezi

Aragonesek ez du Espainiako Gobernuaren birmoldaketa baloratu nahi izan eta gatazka politikoa konpontzeko proposamenak eskatu dizkio Sanchezi. Exekutiboen arteko negoziazio mahaiaren hurrengo bileran amnistia eta erreferenduma planteatuko dituela ohartarazi du Aragonesek.

Pere Aragones Bellvitgeko Ospitaleko (Bartzelona) langileekin bildu ostean. (@Govern)
Pere Aragones Bellvitgeko Ospitaleko (Bartzelona) langileekin bildu ostean. (@Govern)

Pere Aragones Generalitateko presidenteak garrantzia kendu die Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidenteak larunbatean iragarritako Gobernuaren birmoldaketaren izendapen berriei: «Garrantzitsuena ez da nor, baizik eta zer».

Josep Maria Argimon Osasun kontseilariarekin batera emandako prentsaurrekoan, Bellvitgeko Ospitaleko (Bartzelona) langileekin bildu ostean, adierazi du beharrezkoa dela Sanchezen Gobernuak gatazka politikoa konpontzeko proposamenak egitea, exekutiboen arteko negoziazio mahaiaren hurrengo bileran.

Zentzu horretan, Kataluniako Gobernuak bilera horretan amnistia eta autodeterminazioa erreferendum baten bidez planteatuko dituela ohartarazi du; «Sanchezen proposamena hitzez adieraztera datozen pertsonak alde batera utzita».

«Gatazka politikoa konpontzeaz gain, beste hainbat gairi buruzko erabakiak hartu behar dira dagoeneko, besteak beste, botiketan koronabirus probak saltzea», esan du Aragonesek.

Gobernuaren birmoldaketa barne krisi baten ondorio ote den galdetu diotenean, ez du baloratu nahi izan, eta honakoa erantzun du: «Gobernu bakoitza egoki iruditzen zaion moduan antolatzen da, eta ni ez naiz espekulazioetan sartuko».

Bestalde, Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak esan du Sanchez egin dituen aldaketak «gatazka politikoa konpontzeko borondatea dagoela pentsatzeko aukera gutxi ematen duen birmoldaketa dela».