NAIZ

60 lagunetik gora hil dira Indian tximisten inpaktuagatik

Gutxienez 63 pertsonak galdu dute bizia Indiako iparraldean, horietatik 11k Amber gotorleku turistikoan, Rajastanen, montzoien iritsierak eragindako ekaitz elektrikoen ondorioz, iturri ofizialek astelehen honetan jakinarazi dutenez.

Ekaitz elektrikoen ondorioak Indian, Jammu eta Kaxmir estatuan, astelehen honetan. (Rakesh BAKSHI / AFP)
Ekaitz elektrikoen ondorioak Indian, Jammu eta Kaxmir estatuan, astelehen honetan. (Rakesh BAKSHI / AFP)

60 lagunetik goiti zendu ziren joan den igandean Indian, tximisten inpaktuaren eraginez. Ekaitzak gogor kolpatu ditu herrialdearen iparraldean dauden Uttar Pradesh eta Rajastan estatuak, astelehen honetan agintariek baieztatu dutenez.

«Amber gotorlekuan 11 pertsona hil ziren, eta beste 29 zauritu» igande gauean, jakinarazi zion Anand Srivastava Jaipur hiriko komisarioak Efe agentziari ezbeharra gertatu zen lekuan bertan. Antza denez, tximista batek Rajastanen dagoen erdi aroko gotorleku turistiko honen dorre batean jo zuen, bertako jendea eta turistak zebiltzan unean.

Tokiko hedabide batzuek adierazi zuten hildakoak selfiak egiten ari zirela ekaitz betean, baina komisarioak gezurtatu egin zuen hori.

Srivastavak erantsi zuen denera 18 pertsona zendu direla Rajastango toki desberdinetan gertatutako istripuetan.

Uttar Pradeshen ere bai

Rajastanen ondoan dagoen Uttar Pradesh estatuan beste 37 pertsona hil ziren gutxienez, tartean haurrak, eskualde ugaritan, NDTV Delhiko telebistak iturri ofizialak aipatuz azaldu zuenez.

Beste zazpi lagun zendu dira Madhya Pradesh erdialdeko estatuan, erantsi zuen telebista kateak.

Narendra Modi Indiako lehen ministroak doluminak eman zizkien Twitterren hildakoen hurbilekoei eta 2.600 dolarreko kalte-ordainak iragarri zituen.

815 heriotza 2020an ekaitz elektrikoengatik

Ekaitz elektrikoak ekainetik irailera izaten diren montzoien euriteetan gertatzen dira Indian. Urteko prezipitazioen %70 sasoi honetan egiten du Asiako herrialde honetan eta uholdeak eta beste hondamendi natural batzuk gertatzen dira.

Indiako Meteorologia Sailak (IMD) joan den urtarrilean argitaratu zuen urteko txostenaren arabera, 2020an 600 herritar hil ziren gutxienez Indian eurite gogorren eta uholdeen eraginez.

Tximistek 815 heriotza eragin zituzten urte horretan bertan, bereziki Bihar eta Uttar Pradesh iparraldeko estatuetan.