NAIZ

Franchu: «Eibar da nire bidea egiten jarraitzeko lekurik onena»

23 urteko jokalari argentinarra Real Madrilen harrobian hezitakoa da, baina iaz Fuenlabradan jokatu zuen utzita Bigarren Mailan.

Franchu aurkezpenean Cesar Palacios kirol zuzendariarekin eta Amaia Gorostiza, Eibarren presidentea. (@SDEibar)
Franchu aurkezpenean Cesar Palacios kirol zuzendariarekin eta Amaia Gorostiza, Eibarren presidentea. (@SDEibar)

Fran Feuillasier ‘Franchu’ jokalari argentinarra aurkeztu du gaur eguerdian Eibarrek. Futbolari armagin berriak azpimarratu duenez, Eibar taldea «aukerarik onena izan da eta ez dut zalantzarik izan etortzeko».

Azaldu duen bezala, Cesar Palacios kirol zuzendariak «eta klubeko jendeak zer proiektu zuten buruan nirekin eta taldearekin» komentatu zioten «eta ez nuen gehiago behar izan». «Uste dut Eibar dela nire bidea egiten jarraitzeko aukerarik onena», nabarmendu du.

Franchuk esan du azkar egokitu dela taldekide berrietara eta «entrenamenduen giroa eta kalitatea oso ona da. Oso pozik nago». «Bigarren Mailan ikastetik datorren jokalari gazte batentzat, pauso hau ematea oso ondo etorriko zaidala uste dut», komentatu du.

Eskuineko hegalean aritzen da jatorri argentinarra duen jokalaria eta bere formakuntzako klubarekin gogoratu da aurkezpenean. Azpimarratu duenez, «Real Madrili gauza asko zor dizkiot, bai formakuntzan eta baita lehen taldearekin debuta egin izana». Hala ere, onartu du Real Madrilekin «bi edo hiru partida jokatu izanak» ez diola «askorik lagunduko».

Azken denboraldian Fuenlabrada taldean aritu zen utzita eta aurtengo helburua ikastea dela esan du. «Gaztea naiz eta irakasten dizkidaten xehetasun guztiei adi egon behar dut hazten jarraitzeko, baita denok batera ditugun helburu horiek lortzeko», azaldu du.

Jokalari armagin berria lesio larri bat gainditu ostean iritsi da Eibarrera. Esan duenez, «asko ikasi nuela sentitzen dut. Entrenamendu bakoitza, une bakoitza eta egoera bakoitza baloratzen ikasi dut. Esperientzia txar horretaz baliatu naiz pertsona helduagoa izateko, profesionalagoa izateko eta lehen baino lan gehiago egiteko. Orain prestatuagoa nagoela uste dut».