NAIZ

Independentziaren aldeko pankarta ezartzea eragotzi nahi izan du Donibane Lohizuneko auzapezak

Estatu frantsesean festa eguna den uztailaren 14an tentsio uneak izan dira Donibane Lohizunen independentziaren alde egin den martxan parte hartu dutenen eta Jean-François Irigoyen auzapezaren artean. Alkateak ‘Hau ez da Frantzia ezta Espainia ere’ zioen pankarta jartzea eragotzi nahi izan du.

Independentziaren alde Donibane Lohizunen egin den manifestazioa. (BOB EDME)
Independentziaren alde Donibane Lohizunen egin den manifestazioa. (BOB EDME)

Asteazken honetan, hilak 14, Euskal Herriaren independentziaren alde Donibane Lohizunen egin den manifestazioaren bukaeran, manifestariek ‘Hau ez da Frantzia ezta Espainia ere’ zioen pankarta jarri dute. Estatu frantsesean festa eguna den data esanguratsu honetan, manifestariek Jean-François Irigoyen alkatearen kontrakotasuna atzeman dute, eta tentsio uneak bizi dira.

Frantses Iraultzari hasiera eman zion Bastillaren hartzea ospatzen den uztailaren 14a Estatu frantsesaren nazio ikuspegia sendotzeko sinbolismo handiko festa eguna da. Hori dela eta, Euskal Herriaren independentziaren aldeko manifestazioa egin ohi da. 

‘Asimilaziotik erresistentziara Independentzia’ pankartaren atzean hamarnaka pertsonek Donibane Lohizuneko karriketan zehar manifestatu eta gero, udaletxera heldu da martxa.

Banderola

‘Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da’ eta ‘Alde hemendik, utzi bakean’ oihuen artean, eraikin ofizialaren burdin hesietan Euskal Herriaren aldeko banderola ezarri dute. Irigoyen orduan bertaratu da eta Estatua frantsesaren hiru koloreak erakusten dituen bandera gainean zeramala kendu egin du.

Manifestarien aitzinean momentu batean haserretu da, eta tentsioa igotzen ari zenean herriko etxe barnera lagundu dute. Sartu baino lehen, eskuaren erdiko hatza ateraz keinua egin die manifestariei, burdin heziaren beste aldetik.

Orduan, inolako eragozpenik jarri gabe begira zegoen poliziaren aitzinean, banderola berriz ezarri dute eraikin ofizialean independentziaren aldeko manifestariek.