Traineruen Euskotren eta Eusko Label Ligetako bostgarren eta seigarren jardunaldiak jokatuko dira larunbatean Orion eta igandean Getxon. Itsaso zabaleko bi estropada izango dira eta begiradak talde indartsuenengan ipinita egongo diren arren, aurreko igandean Zierbenan gertatutakoak argi uzten du mota honetako probetan ezin dela inoiz ezustekorik baztertu.
Larunbatean Orion izango da hitzordua, itsasoko estropada eremuan. Lehia Euskotren Ligako lau ontziekin hasiko da, ohikoa baino apur bat beranduago, 18.10ak aldera. Orioko XXI. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina IX. Bandera egongo da jokoan.
Orain arte lehia oso estua izan dute Oriok eta Donostia Arraun Lagunakek. Sailkapen nagusian 13 punturekin berdinduta daude, eta ontzi bakoitzak bina jardunaldi irabazi ditu. Ikustekoa izango da, beraz, bien arteko lehia horien etxean, nahiz eta ezin den ahaztu iaz Donostiarra nagusitu zela Orioko uretan, eremuko errekorra ezarriz gainera: 10:51.74.
Ondoren hasiko da gizonezkoen proba: Orioko XXXI. Estropada - Orio Kanpina IX. Bandera. Sailkapenari jarraituz, lehen txandan Zarautz, Tiran, Ares eta Lekittarra irtengo dira; bigarrenean Cabo, Ondarroa, Orio eta Bermeo; eta hirugarrenean Donostiarra, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi.
Sailkapen nagusian jada tarte aipagarriak ireki ziren aurreko asteburuan. Santurtzi liderrak, esaterako, sei puntuko aldea du Hondarribia bigarren sailkatuarekiko. Eta Zarautz azken sailkatuari lau puntura jarri zaio jada azken bigarren postua. Oraindik asko falta da baina ez da erraza izaten TKE Ligan tarte horiek murriztea.
Orioko uretan Hondarribia izan da ondoen moldatu izan dena azken ekitaldietan, 2016tik hiru aldiz irabaziz, eta 2017an gainera eremuko marka onena ere lortu zuten: 19:31.76.
Igandean, Getxoko estropaden txanda izango da, betiko ordutegian. Euskotren Ligako lehia 11.40an hasiko da eta ondoren gizonezkoek ekingo diote lanari, izen oso luzeko ikurrinak jokoan direla: Getxoko Estropaden XIII / XLIII Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XVII. Omenaldia.
Aipagarria da iaz Getxon jokoan ziren bi banderak irabaztea lortu zuela Oriok, baina gizonezkoen marka onena aspalditik dago apurtu gabe: Castrok 2009an ezarri zuen 19:18.70eko denbora, hain zuzen ere.
Asteburu honetan ez dira espero baldintza bereziki zailak itsasoan, baina beti bezala erne ibili beharko da haize aldaketekin, batez ere igande eguerdian izaten den horrekin.
Beste mailak Zumaia, Orio eta Portugaleten
Beste traineru mailetako estropadak ere badira asteburu honetan. Larunbatean Zumaian dute hitzordua KAE1 eta ETE Ligek. Gizonezkoen estropada 12.00etan hasiko da, eta emakumezkoena arratsaldean da, 18.00etatik aurrera.
KAE1 Ligan Getaria da lider 66 punturekin, eta atzetik ditu oso gertu Pedreña eta Kaiku, biak 63rekin, eta San Pedro, 62rekin. ETE Ligari dagokionez, Tolosaldea lehen postuan dago 75 punturekin, Deustu da bigarren 70ekin, eta hirugarrena, Hibaika, jada nahiko urrun geratu da 62 punturekin.
KAE1 Ligak igandean beste estropada izango du, 11.30ean Orion, eta KAE2 Ligako ontziek 11.00etan ekingo diote Portugaleteko banderari.