NAIZ

Arabako foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei eguzki parke iragarri dituzte

Arabako foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei eguzki parke iragarri dituzte astelehen honetan, Ekiola kooperatiba ereduaren arabera. Parkeak Añana, Aiara, Mendialdea, Lautada, Arabako Errioxa eta Gorbeialdeko kuadrilletan izango dira.

Sei eguzki parke ezartzeko proiektuaren aurkezpena. (ARABAKO ALDUNDIA)
Sei eguzki parke ezartzeko proiektuaren aurkezpena. (ARABAKO ALDUNDIA)

Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) iragarri dutenez, sei eguzki parke eratuko dituzte Añana, Aiara, Mendialdea, Lautada, Arabako Errioxa eta  Gorbeialdeko kuadrilletan, Ekiola kooperatiben ereduaren arabera.

Kooperatiben aurkezpenean Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza foru diputatuak azpimarratu duenez, «eman dugun urratsa bat dator Klima Araba 2050 Estrategiarekin, klima aldaketa arintzeko eta egokitzeko ekintzak bultzatuko  dituzten eta karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetiko bat bultzatzen lagunduko duten neurriak bultzatzea helburu duena».

Bestalde, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak mota horretako instalazioak biderkatzeko deia egin du, berriztagarrietatik energia sortzeko: «Gure mix energetikoa deskarbonizatzeko eta larrialdi klimatikoko egoerak eskatzen dizkigun helburuak lortzeko, bide horretatik jo behar dugu».

Ekiola proiektua

Ekiola proiektuak energia berriztagarria sortu eta kudeatzeko tokiko kooperatibak eratzea du helburu. «Kooperatibek ez dute  irabazteko asmorik  izango, eta beren bazkideek sortutako energia elektrikoa eskuratzeko aukera izango dute, sortzearen kostuaren pareko prezioan», adierazi du Aldundiak.

Eguzki parkeak12 hilabetetan martxan jartzea aurreikusten du proiektuak. Parke bakoitzak hektarea bateko azalera hartuko du balio txikiko lurzoruetan, eta megawatt bateko potentzia instalatua izango du.

Gogora beharra dago hauek ez direla Araban aurreikusita dauden eguzki parke bakarrak. Solaria enpresak parke handi bat instalatu nahi du Arratzua-Ubarrundia udalerrian, eta auzokideek plataforma bat sortu dute proiektu honen aurka borrokatzeko.

Pasa den astean, EAJk eta PSEk, Arabako foru Aldundia gobernatzen duten bi alderdiek, halako proiektuen aurkako ekimen baten aurka bozkatu zuten Batzar Nagusietan. Haize eta eguzki parkeak babesten dituzten Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea beste behar dela argudiatuz.