Erregelamenduak zehaztutako mekanismoa erabilita, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioek Osasun Batzordea uztailean eta abuztuan deitzeko eskaera helarazi diote astearte honetan Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiari, Lakuako Gobernuak pandemiari buruzko informazioa eman dezan. Mahaia ostegunean batzartuko da eta eskari horri erantzun beharko dio.
Bi taldeek azaldu dutenez, «epidemia egoerak jarraitzen duen bitartean, egokia dirudi Parlamentuak aldian-aldian Osasun sailaren informazioa jaso ahal izatea pandemiaren egoerari buruz, hartutako edo hartu beharreko neurriei buruz, ikuskapen eta kontrolei buruz eta horien udal-exekuzio mailari buruz».
Finean, ekainaren 24an onartutako Pandemiaren aurkako Legea betetzea baino ez dute eskatu, lege horren 12. artikuluak argi diolako Lakuak astero agertu behar duela Legebiltzarrean informazio hori emateko.
Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk erabakita, Osasun sailburua hamabostero bakarrik agertzen ari da Legebiltzarrean eta asteazken honetan izango da bere azken agerraldia irailera arte. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, agerraldien maiztasuna areagotu nahi dute. «Larrialdi egoeran egonik eta, hain justu, pandemia okerrera egiten ari den honetan, ez litzateke arrazoizkoa informazioa partekatzeko kanal hori irailera arte behintzat etetea, birusak ez duelako oporrik hartzen», salatu dute.