NAIZ

«Pausotxo bat gehiago», Altsasuko auzipetuen poza Europatik datozen berrien aurrean

Gaur jakinarazi die Estrasburgoko Auzitegiak Altsasuko gazteetako seiri haien helegiteak ikertzeko eskaerari atea ireki diela. Kasuak eman duen pauso berri honen aurrean, pozik agertu dira auziperatuak, senideak eta baita abokatuak ere.

Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno, Altsasun. (NAIZ)
Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno, Altsasun. (NAIZ)

«Pausotxo bat gehiago!». Modu horretan ospatu du Iñaki Abad altsasuarrak Estrasburgotik iristen diren berriak. Gaur jakinarazi die Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, gutxienez zortzi gazteetako seiri, haien helegiteei tramitea eman diela, modu honetan epaitegiak ikertzeko atea irekiz. Eta albisteak poza eragin du Sakanako herritarrengan.

Izan ere, Abadek gogorarazi duenez, «kasuen %90ak ez du urrats hau gainditzen».

Eta ez da bakarra izan. Adur Ramirez de Aldak ere hausnartu du erabakiaren inguruan. «Nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman, espainiako Estatuan ez da ezer aldatuko bere esentzia antidemokratiko eta autoritario soilagatik. Euskal Herrian eta Estatu osoan horrelakorik berriro gerta ez dadin, argi dugu alternatiba bakarra: independentzia».

Bel Pozueta, Ramirez de Aldaren ama eta EH Bilduren egungo diputatua Madrilgo Kongresuan, itxaropentsu azaldu da. «Ea Europatik jasotzen dugun Espainiako auzitegiek etengabe ukatu diguten benetako justizia. Mendekuan eta gezurretan oinarritutako muntai baten aurrean, bide itxaropentsu bat ireki da onarpenaren zain. Euskal Herriak argi du epaiketa ez zela justua izan».

Bide beretik mintzatu da Amaia Izko abokatua, «bada, aurrera goaz!», adieraziz. Oraingoz sei dira jasotako baieztapenak eta Altsasu Gurasoak plataformak nabarmendu duenez, falta diren bienak (Oihan Arnanz eta Ramirez de Alda bera) hurrengo orduetan jasotzea espero dute.