Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Kalitatea eta esperientzia Amorebietarentzat Alvaro Peñaren fitxaketarekin

Alvaro Peñak urtebeteko kontratua sinatu du urdinekin. Erdilari bizkaitarrak 200 partida baino gehiago jokatu ditu Bigarren Mailan eman dituen zortzi denboralditan. Athleticekin Europa Leaguen debutatu ostean, Racing, Alcorcon, Mirandes eta Albaceten aritu da. 

Álvaro Peñak Albaceten jokatu du azken denboraldia. (Albacete Balompié)
Álvaro Peñak Albaceten jokatu du azken denboraldia. (Albacete Balompié)

Udako hamargarren fitxaketa heldu da Urritxera. Amorebieta akordio batera iritsi da Alvaro Peñarekin eta, urtebetez, erdilari bizkaitarraren kalitatearen eta urdinei hain ondo etorriko zaien esperientziaren laguntza izango du.

Derion orain dela 29 urte jaiotako erdilaria Lezaman hezi eta Athleticen lehen taldera iritsi zen 21 urte zituela, baina Europa Leagueko bi partida besterik ez zituen jokatu lehoiekin talde zuri-gorria utzi aurretik. Kamisetaren koloreak mantendu zituen baina armarri berri batekin. Lugorena, hain zuzen ere. Ondoren, Racingen, Alcorconen, Mirandesen eta Albaceten jokatu du Peñak. Guztira, 209 partida jokatu ditu Bigarren Mailan Lezamatik alde egin zuenetik.

Urritxen egon da asteazken honetan Alvaro Peña lehen aldiz eta bertan esan du «ilusio handiarekin» ekin diola erronka honi, «taldeari laguntzeko gogoekin eta denok denboraldi eder batekin disfrutatzeko gogoekin. Batez ere klubari ahal dudan gehien laguntzea nahi dut». Amorebieta oso «klub familiarra da eta oso proiektu erakargarria dauka. Gainera etxera bueltatzeko aukera ematen dit eta hori ere garrantzitsua da. Familia bat da eta horrek plus bat eman diezakegulakoan nago».

Peñarena Amorebietak denboraldi historiko honi aurre egiteko gauzatu duen hamargarren fitxaketa da. Aurretik, Lander Olaetxea, Óscar Gil, Iker Amorrortu, Oier Luego, Josu Ozkoidi, Markel Lozano, Mikel San José, Roberto Santamaría eta Gorka Guruzeta gehitu dira zornotzarren proiektura.

Lagunartekoa Galizanon

Baliteke Alvaro Peñak asteazken honetan bertan janztea kamiseta urdina lehen aldiz, Amorebietak udako bigarren lagunartekoa jokatuko baitu. Iñigo Velezen taldeak Racing de Santanderren kontra jokatuko du Galizanon (19.00).

Bigarren jardunaldia

Amorebietak, bestetik, badaki noiz jokatuko duen Ligako bigarren jardunaldia. Abuztuak 23, astelehenean, bisitatuko dute urdinek Mirandes Anduvan, arratsaldeko zortzietan. Sansek, bere aldetik, Lugo bisitatuko du larunbatean, abuztuak 21 (17.00), eta Eibarrek denboraldiko lehen partida jokatuko du Ipuruan igandean, abuztuak 22, Ponferradinaren aurka (19.30).