Euskotren eta Eusko Label Ligak zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiak izango dituzte asteburu honetan, larunbatean Castron eta igandean Lekeitioko uretan. Alde horretatik, aipagarria da TKE liga Kantabriako uretara itzuliko dela larunbatean, iaz bertan estropadarik jokatu gabe geratu ondoren.
TKE Ligak lotura estua izan du Kantabriarekin bere sorreratik. Ontzi kantabriarrek emaitza bikainak lortu izan dituzte traineru liga nagusian eta irabazleen zerrendan ageri dira, esaterako, Astillero –bi aldiz irabazi zuten Liga, horietako bat lehen edizioan gainera, 2003an– eta Castro –2009an txapeldun eta hainbat aldiz bigarren edo hirugarren–.
Pedreña, Camargo edo Laredo dira gorengo mailan ibili izan diren ordezkari kantabriarrak, baina 2017an Astillerok maila galdu ondoren 2018an ez zen bertako trainerurik izan gorengo mailan. 2019an Astillerok berak sartu irtena egin zuen, baina ez iaz eta ez aurten ez dago bertako onztzirik lehian. Eta iaz estropadarik ere ez zen jokatu Kantabriako uretan, Ligaren historian lehen aldiz.
Aurten, ordea, Caixabank Banderak Castro Urdialesen ipiniko dira jokoan, eta Liga oso kuttuna duen estropada eremu batera itzuliko da. Estropada bikainak ikusi izan dira bertan eta ikusleentzat ere oso esker onekoa da, azken txanpa bertatik bertara ederki ikusten delako, nahiz eta aurten kontuz ibili beharko den pandemiaren erruz.
Ohikoa denez, arratsaldeari Euskotren Ligako lau ontziek emango diote hasiera 17.40an: Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Hondarribia. Liga pil-pilean dago: sailkapen nagusiko buruan 19 punturekin berdinduta daude Arraun Lagunak eta Orio, eta hirugarren postuan beste hainbeste gertatzen da Hondarribia eta Donostiarraren artean, biak 11 punturekin. Gogoratu azken sailkatuak play-offa jokatu behar duela iraileko hirugarren asteburuan.
Ondoren gizonezkoen estropada iritsiko da, eta txandak sailkapen nagusiaren arabera antolatuko dira. Aurrenekoan Zarautz, Tiran, Ares eta Lekittarra irtengo dira; Bigarrenean Cabo, Ondarroa, Bermeo eta Donostiarra; eta hirugarrenean Orio, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi.
Hemen parekotasuna oraingoz ez da horren handia. Santurtzi lider da zazpi punturen aldearekin eta Zarautz azken postuan dago lau puntuko desabantailarekin. Hala ere, azken estropadetan ikusi da gora-beherak izan daitezkeela: Santurtzi ez zen hiru onenetan sartu asteazkeneko Euskadiko Txapelketan eta Zarautzek puntuak jan zizkion Tirani aurreko asteburuan.
Igandean, bestalde, Lekeition dute hitzordua ontzi horiek guztiek. Euskotren Ligako estropada 11.40an hasiko da eta jarraian Eusko label Ligakoaren txanda izango da.
Lekeition bertan jokatu zen asteazkenean Euskadiko Txapelketa, baina estropada eremuaren baldintzek ez dute zer ikusirik izango oraingo honetan. Asteazkenean itsasoa eta haizea erabat leun baldin baziren, asteburuan kontuz ibili beharko dute traineruek, batez ere haizearekin eta haize-olatuarekin. Castron ere haizeak zer esana eman dezake.
Beste mailak
Beste mailei dagokienez, larunbatean KAE1 eta KAE2 Ligetako estropadak jokatuko dira. KAE1 Ligako 13 ontziek Pedreñan dute hitzordua 16.45etan hasita, eta KAE2koek Pasaian, 17.30etatik aurrera. Igandean ETE Ligaren txanda izango da, 18.00etan hasita Pedreñan hauek ere.