Eskubaloiko Espainiar selekzioa hasi da motorrak berotzen. Lehen jardunaldian Suediaren aurka galdu ostean, azken bi neurketak irabazi ditu eta partida bat gehiagorekin, behin-behinean sailkapeneko bigarren postuan jarri da. Euskal Herria 13.30etan lehiatuko da liderra, Suedia, Frantziaren aurka.
Lehen zati parekatuaren ostean –atsedenaldira 13 goleko berdinketarekin iritsi ziren–, bigarrenean nagusi izan da Carlos Viverrek entrenatutako taldea. Bigarren zatia hasi bezain pronto, 5-2ko partziala lortu du Espainiako selekzioak eta horri esker bideratu du garaipena.
Nolanahi ere, Brasilek hortzak estutu eta 0-3ko partziala ezarri du 45. minutuan, markagailuko aldea gol bakar batera murriztuz (21-20). Kasik sei minutuz biak ala biak golik egin gabe egon ostean, Alicia Fernandezek (Bera Berako jokalari ohia) bi gol jarraian egin ditu 7 metroetatik, eta jarraian izan duten hirugarren 7 metroetako jaurtiketa Almudena Rodriguezek ere barrura bota du, 24-20ko markagailua ezarriz.
Lau goleko alde hori ezin izan dute gutxitu brasildarrek eta hala, azken minutuetan erosoago aritu dira Carlos Viverren jokalariak.
Nerea Penak, orotara, zazpi gol egin ditu eta Espainiako golegile nagusia izan da. Ainhoa Hernandez bizkaitarrak bi gol lortu ditu. Bestalde, Bera Berako jokalari Cesareok ere gol bat egin du.
Brasilen aldetik, Bera Berako jokalari Adriana Cardosok jokatu du eta gol bat egin du. Bera Berako atezain ohia den Renata Arrudak ere jokatu ditu minutu batzuk eta jaurtiketen %20 geldituta bukatu du norgehiagoka.