Espetxeetako covid-19an positibo eman duten pertsonen kopuruak gora egin duela jakinarazi du Etxeratek eta, halaber, birusaren kontra Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak (EEIN) ezartzen dituen neurriak zenbait kalte eragiten dietela presoei eta haien senideei, tartean, komunikazioen etendura.
EEINren pandemiaren kudeaketak areagotu egiten du, Etxeraten esanetan, preso zein senideek duela urte eta erdi pandemia hasi zenetik pairatzen ari diren «egoera jasanezina».
«Gure senide presoak gaur egun dauden espetxe gehienetan komunikazio intimoak, bisean bis familiarrak zein bizikidetzakoak, bertan behera utzi dituzte. Horrek, berriz ere, egoera jasanezin batera garamatza, zigor gehigarri batera, bai gure senide presoentzat, zein guretzat», gaitzetsi du presoen eskubideen aldeko kolektiboak.
Gogora ekarri dute egoera hau pandemiaren hasieratik ari direla pairatzen eta, aurtengo otsaileko covid kasuen lehen gorakadarekin, EEIN-ek berriro «blindatu» zituela espetxeak, komunikazioak etenaz eta presoei geratzen zitzaien «kontaktu fisiko bakarra ezabatuz».
Etxeratek, giza eskubideen aldeko eta presoen aldeko Estatu mailako elkarteekin batera, «pertsona presoen askatasunaren alde neurriak hartzea» defendatu duela ekarri du gogora, «bisean bis familiarrak eta bizikidetzakoak bermatu ahal izateko eta zuzeneko kontaktua egingarri egiteko».
Komunikazioaren etendura, gainera, adin txikikoek ere sufritzen dutela nabarmendu du Etxeratek, eta baita urte luzeetako kartzelaldiaren ondoren lehen aldiz irteera-baimena izan behar zuten baina ukatu zatzaien presoek ere.
Hori dela eta, Etxeratek eskatu du gaixotasun larriak dituzten presoak, 65 urtetik gorakoak eta, euskal presoen kasuan, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten guztiak espetxetik atera daitezela, eta azpimarratu du espetxeetan «neurri humanoagoak» aplika daitezela covid-19ari aurre egiteko eta komunikazioak berreskuratu daitezela.