Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Arerioen arteko laguntasuna, baten garaipena guztien poza

Olinpiar Jokoetan islatzen den kirolatasun eta laguntasunak esperantzarako tartea uzten du, hain indibidualista bilakatu den gizartearen aurrean. Oasi bat da gero eta lehiakorragoa den gizartearen erdian. Baten garaipena guztien poza da. Decathloneko atletak dira horren azken erakusleak. 

Gizonezkoen decathlon probako parte-hartzaile guztiak elkarrekin. (Antonin THUILLIER / AFP)
Gizonezkoen decathlon probako parte-hartzaile guztiak elkarrekin. (Antonin THUILLIER / AFP)

«Decathloneko esperientzia bakarra da. Nazioarteko kirol proba handienean lehiatzen diren arerioen laguntasunera eramaten gaitu. Familia honen parte izateaz oso harro». Mezu hauxe zabaldu du sare sozialetan Kevin Mayer atletak, goiko argazkia azaldu asmoz. Bertan agertzen dira gizonezkoen proban lehiatu ziren atleta guztiak, pozik, bata bestearen ondoan, kiroltasunez, podiuma osatu zuten kirolariak erdian daudela (Damian Warner urrea, Kevin Mayer zilarra eta Ashley Moloney brontzea). 

«Zorionak Damian Warnerri, bera izan da onena urte honetan eta berriro bere aurka lehiatzeko irrikan nago», gehitzen du atleta frantsesak. Elkarren artean lehiatu, gozatu eta garrantzitsuena dena, albokoaren garaipenaz pozteko gaitasuna daukatela erakutsi dute zenbait atletek Tokioko Olinpiar Jokoetan, hitzordu olinpiko honen esentzia bizirik mantenduz. Horrek egiten ditu berezi Jokoak. 

Yulimar Rojas eta Ana Peleteiroren arteko besarkada. (Andrej ISAKOVIC / AFP)

Decathloneko keinu hau, noski, ez da izan Tokion ikusi dugun bakarra. Benetan gogoangarria izan zen Yulimar Rojas venezolarrak jauzi hirukoitzean munduko errekor berria ezarri eta bere arerio izan zen Ana Peleteirok, txapelketan brontzezko domina lortu zuenak, nolako poza hartu zuen Rojasek lortutako balentriarengatik. 

Antzerako poza sentitu zuten Anne Lazor eta Lilly King estatubatuarrek Hego Afrikako Tatjana Schoenmakerrek bular igeriketako 200 metroko proba irabazi eta munduko errekorra apurtu zuenean. 

Hego Afrikako Tatjana Schoenmaker (erdian) bularreko-igeriketako 200 metroetan munduko errekorra apurtu ostean. (Oli SCARFF / AFP)

Eta zer deritzozue Gianmarco Tamberi italiarrak eta Mutaz Essa Barshim Qatarreko atletek partekatutako urrezko domina? Biek ala biek 2,37 metroetako jauzia egin zuten eta altuera handiagoan saiakera egin beharrean biak irabazleak zirela erabaki zuten, historian lehen aldiz urrezko domina partekatzea erabakiz. Kirol-legez bere horretan argi eta garbi islatuta. 

Gianmarco Tamberi italiarrak eta Mutaz Essa Barshim Qatarreko atletak urrezko dominarekin. (Ina FASSBENDER / AFP)

Beste irudi harrigarri bat eskaladak utzi du –harrigarria ikusle gehienentzat, nahiz eta eskaladan ohikoa izaten den–, estreinakoz Olinpiar Jokoetan aritu den kirolak, alegia. Murrua igo aurretik arerio guztiak elkar batu eta igotzeko modurik onena zein izan zitekeen hausnartu zuten; gero, onenak irabaz dezala. 

Gauza onenetan albokoa babestea agian errazagoa izan daiteke, baina Olinpiar Jokoetako kirolariek aski erakutsi dute txarrenean ere albokoa babesteko gai direla. Esan bestela Luka Kozac hungariarrari, zeinak Yanique Thompson altxatzera lagundu zuen 100 metro hesidunetan erorikoa izan ostean, edota Lotte Miller norvegiarrak Claire Michel belgikarra kontsolatu zuenean triatloian azkena izan eta negarrez jarri zenean. 

Kozak hungariarra Thompson jamaikarra laguntzen. (Giuseppe CACACE / AFP)