NAIZ

Lakuak azaldu du ez dagoela babes juridikorik momentuz «txertoa derrigorrezko bihurtzeko»

Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak adierazi duenez, momentuz ez dago «babes juridikorik txertoa derrigorrezko bihurtzeko», eta ezinbestekotzat jo du birusari aurre egiteko autoprotekziorako neurriak jarraitzea eta txertatzea.

Bingen Zupiriak Getarian egin ditu adierazpenak goizean honetan. (IREKIA)
Bingen Zupiriak Getarian egin ditu adierazpenak goizean honetan. (IREKIA)

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Gobernuko bozeramaileak adierazi du ostiral honetan Gobernuaren helburua EAEko biztanleria osoa txertatzea dela, txertoak eduki bezain laster. Horri begira, hala ere, argitu du momentuz ez dagoela «babes juridikorik txertoa derrigorrezko bihurtzeko», Getariako Balenciaga Museoan egindako adierazpenetan.

Zenbait autonomi elkarte ari da aukera hori baloratzen, baina ez Lakuako Gobernua. Nafarroan derrigortasun horren alde mintzo da gaur Maria Solana Geroa Baiko kidea.

EAEko 12 urtetik gorako pertsonen %70a baino gehiagok jaso beharreko txertoak jaso ditu eta inmunizazioa osatu du. Zupiriak ezinbestekotzat hartzen du birusari aurre egiteko autoprotekziorako neurriak jarraitzea eta txertatzea.

Bestalde, neurrien arinketa datuen hobekuntzarekin batera etorri daitekeela gehitu du. «Datuek esaten digute intzidentzia metatua jaisten ari dela eta transmisio indizeak jaisten ari direla. Baina beharrezkoa izango litzateke ZIUetan eta erietxeetan ingresatuta dauden pertsonen kopurua jaistea», esan du bozeramaileak.

Covid pasaportea EAEko establezimenduetan eta beste aktibitateetan eskatzeari dagokionez, estatu mailan hartu beharreko erabakia dela esan du Zupiriak. Orain, pasaportearen helburua herrialde batetik bestera mugitzerakoan segurtasuna bermatzean datza. «Gauzak eta legeak aldatzen ez diren bitartean horrela izan beharko du», azpimarratu du.