Grezian azken egunetan bizi duten beroaldi eta suteak direla eta, Zaporeak GKEak 100 mila litro ur banatuko ditu Lesbosko Kara Tepe kanpalekuan dauden errefuxiatuen artean.
47 gradu zentigradutik gorako tenperaturak erregistratu dira Grezian eta, horren aurrean, Zaporeak-ek jakinarazi du Lesbosko irlako Kara Tepe kanpalekuan bizi den errefuxiatu bakoitzari litro eta erdiko ur botilak banatuko dizkiela.
GKEak gogoratu du tenperatura handiek eta euriteen faltak suteen arriskua areagotzen dutela eta Atenasen astearte gauean piztutako sutea Amygdalea migranteak atxikitzeko zentrotik gertu izan zela.
Ohartarazi du errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren pertsonek ez daukatela eskura urik eta itzalik eta egoera «jasanezina» bizi dutela. Horregatik erabaki dute Greziako irlan dauden asilo-eskatzaileen artean 100 mila litro ur banatzea.
Zaporeak-ek ohartarazi du tenperaturak 46 gradutara iristen badira, migranteak lo egiten duten kanpin-dendatan sentsazio termikoa 50 gradutik gorakoa izan daitekeela. «Muturreko egoera horretan, kanpamenduetan bizi diren milaka errefuxiatuek ez daukate aukerarik freskatzeko, eguzki bortitzaren azpian bizi dira eta haien kanpin-denen barruan graduek gora eta gora egiten dute», agertu du.
Izan ere, Kara Tepe kanpalekuan soilik hiru zuhatz daude, beraz, itzala lortzeko aukerak oso urriak dira eta errefuxiatuek ezin dute eguzkiarengandik ihes egin.
Errefuxiatuen laguntzarako GKEak herritarrei galdegin die haien proiektua babestera.