NAIZ

Elena Loyo, «pozik» maratoia lehen 30 atleten artean bukatu eta sasoiko marka hobetzeagatik

Elena Loyo atleta arabarrak 29. postuan amaitu du Olinpiar Jokoetako maratoia eta bera «pozik» agertu da lehen 30 sailkatuen artean egoteagatik. Atleta europearren artean hamargarren bukatu du. «Maratoi olinpikoko top 30ean sartzea erabateko ospakizuna izan da», adiera dio Basque Team Fundazioari. 

Elena Loyo gasteiztarrak larunbat honetan egin du debuta Olinpiar Jokoetan eta 29. postuan bukatu maratoiko proba. Estatu espainoleko atleta onena izan da txapelketan eta bere hitzetan, «erabateko ospakizuna izan da maratoi olinpikoa top 30ean bukatzea». 

Hezetasuna %80an zegoela eta tenperatura 30 gradoetatik gertu zegoela egin dute lasterketa. Aurreikusitako beroagatik, gainera, ordubetez aurreratu da proba. 

«Egia esan, lasterketan une oso gogorrak izan dira, leku batzuetan eguzkiak jotzen zuelako eta jasanezina zelako. Gorputzak esaten zizun, geratu zaitez hementxe bertan. Baina, egia esan, gainditzen joan naiz, gero itzalen bat zegoelako eta berreskuratzeko ematen zidalako», kontatu du arabarrak Basque Team Fundazioak eginiko elkarrizketan.

Urrea irabazi duen Peres Jepchirchir keniarrarengandik 7 minutu eta 18 segundora iritsi da helmugara Loyo. 

Elena Loyo, helmugara iristean. (Charly TRIBALLEAU / AFP)

«Oso ondo» sentitu dela ere adierazi du, hobera egiten zuela ikusita. «Horrek ere animatu egiten ninduen, eta maratoi olinpikoan nintzela jakiteak atera aurretik sinatuko nukeen emaitza batera bultzatu nau. Horrela egitea sinatuko nukeen, marka ere ez da txarra izan, baldintzak gorabehera, eta postua oso ona dela uste dut”, esan du Loyok proba amaitzean.

Hain zuzen ere, denboraldiko bere marka onena sinatu du Tokioko karriketan. 2:34:38ko denbora behar izan du 42.195 metroko proba bukatzeko. «Nik uste dut denbora oso ondo dagoela. Ni ez naiz oso pozik egoten beti nire emaitzekin, baina uste dut, aztertuta, oso ondo dagoela. Uste dut urrats on bat eman dudala, nahiz eta une batzuetan beldur pixka bat eman diezazukeen jendeak zugandik asko espero duelako eta zuk ez dakizulako zer emango duzun. Uste dut oso ondo dagoela, hamargarren europarra izan naiz, eta pozik egoteko modukoa dela uste dut, egia esan», adierazi du.