Neeraj Chopra xabalina jaurtitzailea jada historiara pasatuko da Olinpiar Jokoetan Indiak atletismoan irabazten duen lehen urrezko domina irabazteagatik. Choprak jada historia egina zuen, Asiako xabalina jaurtiketa irabazten zuen lehen indiarra izan baitzen eta larunbat honetan, 87,58 metroko jaurtiketa batekin, beste kapitulu gogoangarri bat idatzi du.
Chopraren urrea iritsi arte, India atletismoko proba batean podiumera altxatu zen azken aldia 1900. urtean izan zen, Parisko Olinpiar Jokoetan, hain zuzen ere. Zilarrezko domina eskuratu zuen Normand Pritchard atletak 200 metro eta 200 metro hesidunen proban.
Faborito zen Johannes Vetter alemaniarra bere egun onenetik urrun aritu zen. Azken urteetan 90 metroak pasa dituen jaurtitzailea bederatzigarrena izan zen 82,52 metroko jaurtiketa batekin eta beste biak baliogabeak izan ziren. Bi txekiarrek osatu zuten podiuma Choprarekin batera, Jakub Vadlejch (86,67) eta Vitezslav Vesely (85,44).
Eguneko dominatzailea izan da Chopra. Bere lehen jaurtiketarekin (87,03) buruan jarri da eta ez du postu hori utzi bukaeraraino. Bere jaurtiketarik onena bigarren txandan iritsi da eta ezin izan du inork gainditu.
Vadlejch-ek, aldiz, azkenaurreko jaurtiketan egin du lekutxoa bigarren postuan. Ordura arte, 84 metroetara ezin iritsita egon da baina azkenean lortu du zilarra eman dion 86,67ko jaurtiketa, bere herrikide Vesely zein Julian Weber alemaniarrari pasatuta.