Galiziako «meigak» bikain portatu dira, antza, Santurtzirekin, edota baliteke «Sotera» asteburu bikain hau bere meritu hutsez aurrera atera izana. Dena dela, santurtziarrek Boiroko bandera eskuan agurtu dute Galizia aldera iginiko bisita, eta oraindik estropada ugari falta badira ere, Eusko Label Ligaren erdia baino gehiago patrikan duela itzuliko da etxera, sailkapen nagusian bigarren den Hondarribiari dagoeneko bederatzi puntu aldea ateratzen baitio: 129 puntu bizkiatarrentzat eta 120 traineru «bikingoak».
«Ama Guadalupekoak» zapatuan baino lan hobea egin ahal izan du, Rianxon baino haize gutxiagoko estropada egokitu zaiolako. Bigarren txandatik aurten dagoeneko lau garaipen suertatu dira, eta igande eguerdi honetan bosgarrena ere bertan izan da, Hondarribia azken garaipenetik bi segundora geratu baita. Santurtzik azken txanpa gogoangarria egin behar izan du parekotasuna behin eta betiko bere alde apurtu ahal izateko. Zapatuan 56 ehunenekoren okerra izan bazuen «Soterak» Donostiarrarekiko, domekan bizkaitarrek branka sartzea lortu dute, helmugara arraunlariak leher eginda iritsi badira ere.
Eusko Label Liga amaitzeko zortzi estropada falta dira eta uneotan esan liteke «Soterak» eskuan duela azken garaipena, baina asteburu bakoitzean asko aldatzen dira emaitzak eta, ondorioz, hobe isilik egon eta zer gertatzen den ikusi. Horrez gain, hirugarren postuari begira borroka latza dago Zierbena, Donostiarra eta Orioren artean. «Galipoak» eta «Torrekua II.eko» arraunlariak 105na punturekin berdinduta daude, Oriok 103 puntu dituen bitartean.
Beheko partean, aldiz, Tiran atzetik aurrera ari da egiten. Isuntzak azken postua saihestu du domekan, Zarautzen kaltetan, baina Tiran gero eta hurbilago duela ezagun da. «Enbata» azkena baldin bada 29 punturekin, 39 ditu Tirango traineruak, eta 46 Isuntzak; oraindik alde polita da bizkaitarren alde, baina Lekeitioko taldeak oraindik lan handia du egiteko.
Erdiko kaleetatik
Haize handiegirik ez da izan Boiron, baina bai korronterik. Erdiko kaleetatik joatea erabaki dute branka sartu duten traineru guztiek. Santurtzik, Zarautzek eta Cabok bezala –beren txandetan azkenak biak ala biak–, aurreneko kaletik ibili behar izan badu ere, estropadako buruzagitza hartu duen bakoitzeko erdirantz egin du. Baina Donostiarrak ere, bere aldetik, epaileek bere kalera bidali badute ere, atzetik zetorkion Urdaibairekiko behar adinako alderik ez zuela iritzita.
Ez da ba alde ikaragarririk egon ohorezko txandakoen artean, baina bai nahikoa Santurtzik bigarren txandan Hondarribiak eta Oriok eman duten erakustaldiaren pareko lana egiteko, Donostiarra urruti gabe segika duela. Erreferentziek bigarren txndakoei eman die arrazoia aurreneko hiru luzeetan, eta azken luzeari begira, aintzat hartu beharrekoa izan da Santurtzirentzat Oriok eta Hondarribiak esprinta ere izan dutela azken txanpan, «mirotzek» «Ama Guadalupekoa» asko estutu baitu azken metroetan.
Ondorioz, nahiz eta «Soterak» Donostiarraren presentzia inguruan nabaritu, ia erlojuaren aurkako dema iozan duela azken metroetan. Ia azken metro horietara iritsi arte Santurtzik ez du denborarik onena markatu, eta helmugan bi segundoko aldea izan badu ere, Gorka Aranberri patroiak bere arraunlariak azkenera arte zukutu behar izan ditu bandera ateratzerik izango bazuen.
Hala, nekatuta baina pozarren, Santurtzik Galiziako asteburua inork baino hobeto libratu du eta Eusko Label Liga Zarautza begira etxeratu da, datorren asteburuan urteroko Zarauzko Ikurriña jokatuko baita. Bide batez, Euskotren Ligak ere, urtero bezala, Zarautzen erabakiko da, eta aurten gainera azkenera arte ezingo da erabaki azken garaipena Arraun Lagunak edo Oriorentzat izango den.
Concello de Boiro XXXI. Bandera
1- Santurtzi 19:21.44
2- Hondarribia 19:23.56
3- Orio 19:25.50
4- Donostiarra 19:26.02
5- Zierbena 19:32.80
6- Urdaibai 19:36.52
7- Ondarroa 19:45.08
8- Ares 19:54.60
9- Cabo 19:56.10
10-Tiran 20:02.48
11- Lekittarra 20:13,40
12- Zarautz 20:13.62
Eusko Label Liga. Sailkapen nagusia
1- Santurtzi 129 puntu
2- Hondarribia 120
3- Zierbena 105
4- Donostiarra 105
5- Orio 103
6- Urdaibai 94
7- Ondarroa 68
8- Cabo 65
9- Ares 55
10- Lekittarra 46
11- Tiran 39
12- Zarautz 29
Getaria, etxean irabazle
KAE1 Ligak ere estropada izan du igande eguerdian: Getariako XII. Estropada. Azken aldian Kaiku atzetik aurrerako lana egiten aritu bada ere eta garaipenak bata bestearen atzetik pilatzen, KAE1 Ligako liderrak, Getariak alegia, Sestaokoen bolada ona etetea lortu du etxeko estropadan.
Pedreñarekin sekulako buruz buruko estropada jokatu du Getariak, hauek biak izan baitira 21 minutuz behetik amaitu duten bakarrak. Azkenean, txanpa ikusgarri bat osatu ondoren, segundo bakarreko aldeaz bada ere, etxekoak nagusitu dira. Pedreña izan da bigarren eta Kaiku, Arkoteri azken txanpan irabazi ondoren, hirugarren.
Sailkapen nagusian Getaria da liderra, 11,27 puntuko batez bestekoarekin. Pedreña inguruan da, bigarren lekuan, 11,06 puntu pilatuta, batez beste 10,91 puntu dituen Kaikuren aurretik. San Pedro, nahiz eta asteburuon ez den arraunean aritu covid-19aren erruz, da laugarren sailkatua, 10,56 puntu dituela.