NAIZ

Sei jokalari falta zirela hasi da prestatzen Reala Bartzelonaren aurkako norgehiagoka

Bartzelonaren aurka lehiatuko da Reala asteburu honetan eta lehia horren prestakuntzan buru belarri jarri da astelehen honetan. Hala, lan saioan, Tokion zilarrezko domina lortu zuten futbolariez gain, beste hiru baja ere egon dira eta Camp Noun ere ez dira egongo: Carlos Fernandez, Ryan eta Monreal.

Barrenetxea ante Gorosabel en una sesión de entrenamiento durante la pretemporada. (@REALSOCIEDAD)
Barrenetxea ante Gorosabel en una sesión de entrenamiento durante la pretemporada. (@REALSOCIEDAD)

Denboraldi-aurrea modu kaskarrean itxi zuen Realak, hala baloratu badaiteke Euskal Herria Txapela txapelketan jasotako porrota, Osasuna aurkari zela. Goizean, Eibarri irabazi bai baina atsaldean 3-1 galdu zuen neurketa. Imanolek, noski, bi lagunartekoetan talde lehiakorrak izateko aldaketa dezente egin zituen. 

Benetako froga igande honetan hasten da talde txuri-urdinarentzat. Shock egoeran dagoen Bartzelonaren zelaia bisitatuko du, oraindik ere Messiren agurra barneratze lanetan dabilen taldea izango du aurkari. Messi gora, Messi behera dabil gehiengoa baina, nolanahi ere, Bartzelonak 3-0 irabazi zion Juventusi bere azken lagunartekoan, Joan Gamper txapelketan. 

Azken urteetan '10' blaugrana izan dena igande honetan Camp Noun egongo ez bada, Realaren aldetik hiru jokalari dira seguru egongo ez direnak: larritasunez lesionatuta daude Ryan atezaina eta Carlos Fernandez aurrelaria eta baita Monreal ere. 

Hiru horiek gabe hasi ditu aste honetan lan saioak Imanol Alguacil baina horiez gain, Mikel Merino, Mikel Oyarzabal eta Martin Zubimendi ere ez dira egon, normala den moduan. Hiruek jokatu dute olinpiar txapelketa, zilarrezko domina eskuratzeraino, eta igandeko neurketan beren parte-hartzea zalantzan dago. Hala ere, hiruek bidaiatuko dute Bartzelonara. 

29.800 ikusle Camp Noun

Bartzelona Futbol Klubak jakinarazi duenez, 29.803 ikusle sartu ahal izango dira Camp Noun Realaren aurkako neurketa bertatik bertara ikusteko. Pandemia hasi zenetik, publikoa sartzen den lehen aldia izango da igande honetakoa. 

Joan Gamper txapelketan agintariek ez zuten baimendu ikusleen presentzia bai, ordea, Lehen Mailako lehen partidarako. Hala, estadio blaugranaren %30eko aforoa baimendu dute. 

Kuriositate moduan, Camp Noun publikoarekin jokatu zen azken neurketa Realaren aurkakoa izan zen baita ere. 

Sarreren %85a bazkideentzat izango dira. Hauek asteazkena 21.00ak arte izango dute eskatzeko aukera eta eskaria eskaintza baino handiagoa izanez gero, zozketa bidez banatuko dituzte izen emandako guztien artean. Gainontzeko %15 klubaren konpromisoen artean banatuko da. 

Zozketa Anoetarako

Realak, bestalde, astelehen honetan jakinarazi du abuztuan Anoetan jokatuko diren lau partidetarako (Sanseren bi eta lehen taldearen beste bi) zozketa bat egingo duela aurretiaz izen eman duten bazkideen artean. 

Lehen partida hauetara, edukieraren %20ra ireki ahal izango ditu ateak estadio donostiarrak eta klubak adierazi du, «baikor» dagoela hurrengo hilabeteetan edukiera handitu egin daitekeenaren aukerak ikusten dituelako. 

Realaren webgunearen edo Realzale aplikazioaren bitartez, bazkide bakoitzak izen-eman beharko du joan nahi duen neurketarako sarrera eskatzeko. Hemen ere, eskaria eskaintza baino handiagoa baldin bada, izen-eman duten horien artean zozketa bat egingo da. Gainera, estadiora sartzeko sarrerarekin joan beharko da, bazkide txartela ez da nahikoa izango. 

Aste bakoitzaren hasieran irekiko da asteburuko partidetarako izen-emateko prozesua.