Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Berako kapitainak anbizio handiarekin agertu dira Euskal Kopako tituluaren atarikoan

Denboraldiko lehen titulua egongo da jokoan larunbat honetan Orion. Bera Bera eta Zuazo berriro ere aurrez aurre egongo dira, kasu honetan Euskal Kopa nork eramango borrokan. Pasa den asteko lagunartekoan donostiarrak izan ziren garaile. Kapitainak gogotsu azaldu dira final honen atarikoan. 

Ezkerretik eskuinera, Esther Arrojeria, Alba Menendez, Alice Fernandes da Silva eta Maddi Aalla denboraldi berriko elastikoarekin. (Jon URBE / FOKU)
Ezkerretik eskuinera, Esther Arrojeria, Alba Menendez, Alice Fernandes da Silva eta Maddi Aalla denboraldi berriko elastikoarekin. (Jon URBE / FOKU)

«Denboraldiko lehen titulua da», adierazi dute Esther Arrojeria zein Alba Menendez Bera Berako kapitainek. Denboraldi-aurrean bete-betean zentratuta egon arren, garrantzia eman diote garaikur honi, «oraindik ere probak egiteko garaia dela» iritzita, noski. Orioko kiroldegian jokatuko da norgehiagoka, eguerdiko 12.00etan. 

«Denboraldi-aurrean gaude eta nik uste dut Imanolek [Alvarez, entrenatzailea] gauza berriak probatzeko ere erabiliko duela partida hau, nik uste dut horretarako garai aproposa dela», adierazi du Alba Menendezek, zeinak hamahirugarren denboraldia beteko duen Donostiako taldean. 

Pasa den astean Zuazori 26-38 irabazi zion, bientzat denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa izan zen hartan. Arrojeriak uste du orduan talde barakaldarra entrenatzen «hasi berria» zela, donostiarrak lanean lehenago hasi baitziren. Orduan aldea nabaria izan zen baina usurbildarrak adierazi legez, «Zuazok beti zailtzen dizkigu gauzak». Lagunarteko hartan, esaterako, talde bizkaitarra aurretik joan zen atsedenaldira, 18-16 markagailuarekin. 

Sasoi berriko kamisetak aurkeztu dituzte ostiral honetan eta, hain zuzen ere, sasoi berrira begira anbizio handiarekin agertu dira bi kapitainak. Talde gaztea izanagatik ere, «esperientzia handiko» jokalariak ere baditu Bera Berak eta Arrojeriaren esanetan, taldearen «muina» mantentze horrek, nolabaiteko segurtasuna ematen du. 

Hiru baja eta hiru fitxaketa egin ditu Bera Berak. Renata Arruda atezainak, Manu Pizzo albokoak eta Nekane Teres piboteak utzitako hutsuneak betetzera iritsi dira Maddi Aalla, June Loidi eta Cristina Polonio, hurrenez hurren, eta usurbildarrak uste du ondo ari direla moldatzen taldearen dinamikara. 

Era berean, pasa den urtean lesio larri baten ondotik parte-hartze murritza eduki zuten jokalarien sendatzeak –O'Mullony, Gil eta Boada kasu–, taldeari «indarra» emango diolakoan dago Arrojeria. Guztiak itzuli dira taldearen dinamikara, Emma Boadari apur bat gehiago falta zaion arren. Katalana Superkoparako prest egon daiteke. 

Menendezek ñabartzen du jokalari berriek oraindik «entrenamendu asko eta partida asko» behar dituztela guztiz egokitzeko baina bide onetik doazela uste du eta «taldea gogotsu» dagoela ziurtatu du. 

Zarauztarrak aurreratu du, batez ere, defentsa arloa ari direla lantzen. Izan ere, defentsan giltzarriak ziren Teres eta Pizzoren faltan, bi pieza berri «nola sartu» probatzen ari baitira. 

Emma Boadaz gain, Eli Cesareo eta Adriana Cardoso izango dira Bera Beraren baja bakarrak Euskal Kopako finalerako. Bi jokalari hauek Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten eta orain, atseden hartzen daude. 

Zuazok partida lehiakorra aurreikusten du

Zuazok, bestalde, ostegunean egin zuen prentsa agerraldia denboraldi berrirako aurreikuspenak kontatu asmoz, eta bertako kapitain Esti Velascok adierazi zuen, pasa den asteko porrota jada atzean utzita, «garaikurragatik gogor borrokatuko» dutela. 

Izei Permach zarauztarrak ezin izango du jokatu, lehen lagunartekoan eskuan mina hartu eta kirofanotik pasa ostean, 10 hilabete kantxetatik kanpo egon beharko baitu.

Maddi Bengoetxeak ere ezingo du jokatu duela hilabete bat masailezurreko arazo bat konpontzeko kirofanotik pasa baitzen eta denboraldi aurreko bigarren zatian batuko da taldera.