NAIZ

AEBk aitortu du bere armen kopuru handi bat talibanen esku erori dela

Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalak astearte honetan aitortu du azken urteetan zehar Afganistango segurtasun indarrei bidalitako «arma ugari talibanen eskuetan erori dela» azken horiek boterea hartu ondoren.

Jake Sullivan, astearte honetan emandako prentsaurrekoan. (Andrew CABALLERO-REYNOLDS/AFP)
Jake Sullivan, astearte honetan emandako prentsaurrekoan. (Andrew CABALLERO-REYNOLDS/AFP)

Jake Sullivan Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionaleko aholkulariak astearte honetan aitortu duenez, Afganistango segurtasun indarrei bidalitako «arma ugari talibanen eskuetan erori dira».

«Ez dakigu zehazki defentsarako tresna bakoitza nondik nora joan den, baina talibanen eskuetan kopuru handi bat erori da. Jakina, ez dugu uste itzuliko dizkigutenik», esan du Sullivanek prentsaurreko batean.

Aholkulariak jakinarazi duenez, Washingtonek «harremanetan jarraitzen du talibanekin» Kabulgo aireportura joaten diren pertsonen segurtasuna bermatzeko, Afganistanetik irteteko orain arte dagoen irteera bakarra.

Talibanek ziurtatu dutenez, herritar zibilen zirkulazio askea eta segurua bermatuko dute aireporturaino, eta abuztuaren 31ra arte «konpromiso horri eusteko» asmoa dute Sullivanen iritziz.

Hala ere, aitortu du Estatu Batuak «kezkatuta» daudela talbanek aireportuko sarbideetan altxa dituzten kontrol postuengatik, abusuzko ekintzak eta erasoak salatu dituztelako.

5.000 eta 10.000 estatubatuar artean Kabulen

AEBko Gobernuak astearte honetan adierazi duenez, oraindik 5.000 eta 10.000 estatubatuar artean daude «Kabuldik gertu», nahiz eta Afganistandik herritarrak ebakuatzeko ahaleginak egin.

Jan Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak azpimarratu duenez, 11.000 pertsona daude gaur egun herrialdean «estatubatuar hiritar» gisa identifikatzen direnak, bere eguneroko prentsaurrekoan horri buruz galdetu diotenean.

Bestalde, Kirbyk esan du jada ez dela beharrezkoa hiriburuan dauden estatubatuarrek babesa hartzea, Estatu Departamentuak jakinarazpen bat igorri ostean, herrialdeko herritarrei Afganistandik aireportura nola joan aholkatuz.

Pentagonoaren arabera, dena ondo badoa, AEBko hegazkin militar bat aterako da Kabulgo Hamid Karzai nazioarteko aireportutik, eta egunero 5.000 eta 9.000 ebakuatu atera ditzake, estatubatuarren eta enbaxadako langileen artean, baita Afganistango kolaboratzaileen artean ere.