Morlans 30 urte: Lekukorik, errukirik eta damurik gabeko sarraskia
ETAko hiru kideren bizitza errotik moztu zuen Guardia Zibilak gaur dela 30 urte Donostiako Morlans auzoan. Metrailetaz, granadaz eta ke potez lepo, bene-benetako gerra ekintza izan zen, «hiltzera tiro egin» irizpidearen apoteosia.
Gatazkaren kontakizun ofizialetik kanpo gelditu da gaur dela 30 urte Morlansen gertatutakoa eta erraz uler daiteke zergatia: bortizkeria osoz eta erabateko inpunitatez, jada balarik gabe gelditutako ETAko hiru kide hil zituen Guardia Zibilak. Iñaki Ormaetxeak, Patxi Itziarrek eta Jokin Leundak euskal herritar askoren gogoan iltzatuta jarraitzen dute ordutik, nahiz beraiek oroitzeko urteroko ekitaldiak desagerrarazi nahi izan dituzten.
Gerra ekintza ukaezina izan zen 1991ko abuztuaren 17an gertatutakoa. Larunbata zen, Donostiako Aste Nagusiko azken eguna, baina Intxaurrondoko tropak festarako baino saminerako gorriz markatua zuen eguna. Luis Roldan Guardia Zibileko agintari nagusia ere espresuki etorri zen gauez Donostiara, ETAren aurkako sarekada handiaren ospea jasotzeko asmoz. Lehen atxiloketak Errenterian, Usurbilen eta Donostiako Parte Zaharrean eta Amara auzoan egin zituzten Intxaurrondotik ateratako uniformedunek; 11 lagun guztira. Baina eguna argitu ondoren ezin izan zuten gauza bera egin Donostiako auzo urrutiratu batean, jendez lepo zegoen hiriaren erdialdetik aparte zen Morlansen.
Bideo-irudi eta argazkiak, ezabatuta
Bertan gotortu ziren Ormaetxea, Itziar eta Leunda, Tolaretxe etxean, atxiloketari tiroka aurre egiteko prest. Hurrengoak beren bizitzako azken orduak izan ziren. Lau orduz luzatu zen Guardia Zibilaren eraso odoltsua. Lekukorik eta frogarik utzi gabe gauzatu zen. “El País’ egunkariak jaso zuenez, bertaratu ziren argazkilariek protesta egin zuten, bideo grabaketak eta argazkiak, den-dena kendu zietelako. Erraza zen Tolaretxe ingurua erabat ixtea, bi sarbide baino ez dituelako Morlans auzoak.
Gauzak horrela, gertatutakoa beren etxeetatik jarraitu zuten auzotarren lekukotasunak dira zer gertatu zen argitzen saiatzeko bide bakarra. Tarteka tiro hotsak entzuten ziren, etxetik kanpora eta kanpotik etxerantz. Tiroketa horietako batean bi guardia zibil zauritu zituzten, bat oso larri. Bizirik atera zen. 13.00ak aldera etxeko jabea zen Maria Eugenia Muñagorri ikusi zuten ateratzen, besoak gora, eta segituan eraman zuten atxilo. Hortik aurrera, tentsioak gora egin zuen, baina gero eta tiro gutxiago entzuten ziren, guztiz isildu arte.
Eguerdi alde horretan gogortu egingo zen Guardia Zibilaren GAR taldeko dozenaka kideren erasoa, azkenean Tolaretxera tropelean sartu ziren arte. Minutu batzuk lehenago “Eusko gudariak” abesten entzun zituzten auzokideek ETAko hiru kideak, nolabait bukaera aurreratuz: «Gerturik daukagu odola...». Barruan gertatu zena gorpuei eginiko autopsiak emango zuen aditzera: oso gertutik egindako tiroak zituzten Leundak, Itziarrek eta Ormaetxeak, buruan eta gorputzeko beste atal batzuetan, hiltzeko asmo garbiz egindakoak. Bederatzi izan ziren Leundaren kasuan.
Ezkutukeria inpunitatea bermatzeko bide zuzenena zen. Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak ustezko ikerketa abiatu zuen eta zazpi guardia zibil deitu zituen deklaratzera. Epaiketarik gabe itxiko zuen auzia, gehiegi luzatu gabe. Luis Roldan prentsaren aurrean agertu zen larunbat horretan bertan, hiru hilketekin ETAk burutzear zuen atentatu bat ekidin zutela helarazteko. Kito.
Ke poteak eta 600 tiro
Erasoaren irudirik izan ez zen arren, gero etxean agerturiko hondamendia guztiz adierazgarria izan zen. Gerretan baino ezin da horrelakorik aurkitu. Guztiz zulaturik geratu zen Tolaretxe, guardia zibilek lau orduz beren metrailetez zigortu ostean. Beraiek ziurtatu zutenaren arabera, 600 bala marka zenbatu zituzten eraikinean, goitik behera eta ezker-eskuin; zulo haietako dozena bat, eraildako ETAkideen gorpuetan.
Granadak eta ke poteak ere erabili zituzten, azken horiek Itziar, Leunda eta Ormaetxea etxetik aterarazteko asmoz. Ez zuten helburua gabe. Hurrengo egun eta asteetan argitaratutakoaren arabera, itxuraz koltxoietan etzanda eutsi zioten erasoari euskal militanteek, eta koltxoi horiek busti egin zituzten negar gasen eragina jasan ahal izateko. Dena amaitu eta ordu batzuetara epai arduradunak Tolaretxera sartu zirenean, oraindik ere barruan arnasa hartzea asko kostatzen zela aitortu zuten.
Erabilitako basakeria ikaragarria izan bazen ere, ez zen garai hartako antzeko kasu bakarra izan. Morlansekoaren albistea zabaldu bezain laster, kilometro gutxira, Hernanin, 1984ko ekainean jazotakoa etorri zen denon gogora: bi ETAkide hil zituen Guardia Zibilak antzeko eraso batean (Juan Luis Lekuona Kattu eta Agustin Arregi Txuria). Etxea sutan utzi zuten eta gorpuak kiskalita. Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Polizia espainiarrak urte hartan bertan. Udalerri berean hilko zuten 1987an Lutxi Urigoitia, 1989an Irunen Manu Urionabarrenetxea eta Juan Oiarbide Txilibita…
Hamarkada berriarekin larriagotu egin zen ETAko militanteak atxilotu beharrean hiltzeko joera: 1990ean Irunberrin Susana Arregi eta Jon Lizarralde izan ziren biktimak, Iruñean Mikel Castillo, 1991n Llica D’Amunten Jon Erezuma eta Joan Carles Monteagudo… Zerrenda luzea, jokamolde berdina. Hurrengo katebegia Morlans izango zen. Etxean gelditzea erabaki zutenean, eta Guardia Zibilaren jokabidearen jakitun izanda, bukaera zetorrela igarriko zuten segur aski Ormaetxeak, Leundak eta Itziarrek. Kanpora aterata ere metrailatu egingo zituztela irudikatuko ote zuten akaso? Bizirik ateraz gero Intxaurrondon basatiki torturatuak izango zirela eta beste kide batzuk arriskuan jarriko zituztela agian? Erantzunik gabeko galderak, 30. urtemuga honetan.
Guardia zibilak, egindakoaz harro
Geruza lodi batek estali du Morlansen gertatutakoa hiru hamarkada hauetan, ezarritako isiltasunarena alegia. Gogor jo dute Auzitegi Nazionalek eta polizia ezberdinek urtez urtez bertan edota Urbinan deitutako ekitaldiak debekatu eta zapuzteko, ezkutukeria luzatzeko nahiaren erakusle.
Baina iluntasun horretan zirrikitu bat ireki zen duela hiru urte, “El Español” hedabide espainiarrean sarraskian parte hartu zuten bi guardia zibilek beren burua identifikatu eta detaile lazgarri eta makabroak eman zituztelako.
Madrilen norbaitek benetan legea aplikatu nahi izan balu, nekez aurkituko zukeen elkarrizketa horrena baino «biktimen umiliatze» argiagorik. Hildakoekiko mespretxu adierazpenak eta GAR taldeko txapela berdeen aldeko gorespenak alde batera utzita, Jose Luis Serranok eta Francisco Gomezek esandakoetatik argi gelditzen dira bi gauza: batetik, Morlansen egindakoaz oso harro direla, eta bestetik, hiru euskal militanteak nahita fusilatu zituztela, inolako damurik gabe. «Fueron vilmente acribillados», laburbildu zuten zehazki Intxaurrondon ibilitako bi guardia zibilek. ETAkideen artean «txapel berdeek hiltzera egiten dute tiro» esaten zela ere ekarri zuten gogora: «Eta bai, horrelaxe zen».
Inongo epaitegik ez du ekimenik abiatu elkarrizketa horretan esandakoagatik, bistan denez. Eta Guardia Zibilari dagokionez, isuna jarri omen zien Serranori eta Gomezi, baina ez 1991n egin zutenagatik ez eta 2018an esandakoagatik ere, Intxaurrondon kide izandako baten hiletara guardia zibilez jantzita joateagatik baizik.
Urbina, Beasain eta Deba
Hiru hildakoen artetik Iñaki Ormaetxea urbinarra zen gazteena; 24 urte baino ez zituen hil zutenean. Ordurako jada atxiloketa bat zuen bizkarrean, Josu anaiarekin batera. Urte luzez egongo zen kartzelan Josu. Blanca Antepara zuten ama, borrokalari sutsua eta oso ezaguna eta maitatua, 2012an hil zena. Morlansekoak zentzu osoa ematen zion Iñakiren amak sarri erabili zuen esaldiari: «Gerra batean jaioa naiz, gerra batean bizi izan naiz eta gerra batean hilko naizela uste dut».
Jokin Leunda 35 urterekin zendu zen. Beasaindarra zen, arte denda batean egiten zuen lan eta lau urte lehenago ihes egitea egokitu zitzaion. «Bizitza bizitzeko dago, ez lokartzeko», esaten zien askotan lagunei, hurrengo egunean “Egin”-ek jaso zuenez.
Bizargina zen Patxi Itziar debarra, ETA erakundean sartu arte. Ekimen askotan hartzen zuen parte, AEK laguntzen esaterako. Bere kasuan, 40 urte zituen Guardia Zibilak Tolaretxen erail zuenean. Gaur egun 70 izango zituen beraz; Ormaetxeak, 54.
Hiru hildakoen oroimena ezabatzen etengabe saiatu dira botere ugari, azken urteotan bereziki. Baina aldez aurretik iragarrita edo iragarri gabe eta era xumeagoan, abuztuko urtemugaren inguruan ez da inoiz beraien aipamenik falta izan, urtetik urtera.
Izan ere, Morlansekoa ezkutatu egin daiteke, baina, ahaztu, inolaz ez.