NAIZ

Asteleheneko manifestazioan pentsiodunekin bat egitera deitu dute Bilboko konpartsek

Bilboko konpartsek Pentsio eredu publiko eta duin baten alde Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak datorren astelehenean, abuztuak 21, Bilbon deitutako manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute. Martxa Plaza Eliptikotik aterako da, 12.00etan.

Pentsionisten mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Pentsionisten mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pentsio eredu publiko eta duin baten alde Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak datorren astelehenean, abuztuak 21, Bilbon deitutako manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute Bilboko Konpartsek, pentsio eredu "publiko eta duin" baten alde.

Ohar batean, pentsiodunen plataformak Bilboko Aste Nagusirako deitutako mobilizazioarekin bat egiten duela adierazteaz gain, konpartsek bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Horrela, eta Bizkaiko hiriburuko jaietan antolatutako mobilizazioetan urtero egiten zuten bezala, konpartsek jakinarazi dute «pentsio duinen eta osasun eta zerbitzu publikoen aldeko» ekimenean parte hartuko dutela.

«Konpartsok pentsio duinen eta osasungintza eta zerbitzu publikoen aldeko ekimen horretan parte hartuko dugu, bigarren urtez jarraian gozatuko ez dugun Aste Nagusiko astelehena izango litzatekeen egun triste horretan, pentsiodunei eta euren aldarrikapenei erabateko babesa adierazteko», adierazi dute.

‘Murrizketarik ez! Ez zerbitzu publikoetan, ezta pentsioetan ere’ goiburuko martxa Plaza Eliptikotik aterako da, 12.00etan. Mobilizazioak aldarrikatuko ditu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zaintza duinak eta kalitatezko osasun publikoa, besteak beste.