NAIZ

Gripe eta covidaren txertoak bakar batean batzeko aukera ikertuko dute Erresuma Batuan

Gripearen eta koronabirusaren aurkako txertoak injekzio bakarrean konbinatzeko aukera ikertuko dute Txertoen Fabrikazio eta Berrikuntza Zentroko zientzialariek, etorkizuneko immunizazio programak arintzeko helburuarekin.

AstraZeneca txertoaren dosi bat. (Luis ACOSTA / AFP)
AstraZeneca txertoaren dosi bat. (Luis ACOSTA / AFP)

Zientzialari britainiarrek gripearen eta koronabirusaren txertoak injekzio bakarrean konbinatzeko aukera ikertuko dute, etorkizuneko immunizazio programak arintzeko asmoz, Matthew Duchars Txertoen Fabrikazio eta Berrikuntza Zentroko (VMIC, ingelesez) zuzendariak ostegun honetan aurreratu duenez.

Zentro hori Erresuma Batuko hainbat unibertsitatek sortu zuten, eta 215 milioi liberako finantzaketa publikoa du (252 milioi euro). Gobernuak 2018an iragarri zuen, baina pandemiaren ondorioz eraikuntza bizkortu egin da, eta datozen hilabeteetan ekingo dio jarduerari.

Koronabirusaren eta gripearen txertoak konbinatuz gero, «denbora asko» aurreztu liteke, Duchardsek ‘The Telegraph’ egunkariari esan dionez. «Askoz praktikoagoa izango litzateke ziztada bat bakarrik egitea, beraz, hori izango da guk eta txertoen ekoizleek aztertuko dugun aukeretako bat», gaineratu du.

«Demagun urtero txerto bat inokulatu behar dugula, eta jendeak injekzio bat behar du gripearentzat, bat koronabirusarentzat eta beste bat beste zerbaitentzat. Denak batean jar baditzakezu, hobe izango da, jakina», azpimarratu zuen Duchardsek.

VMICeko arduradunak adierazi duenez, zentro bioteknologikoak, Oxfordeko Unibertsitateak, Imperial College Londonek eta Londreseko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolak parte hartzen dutelarik, 70 milioi txerto-dosi inguru ekoizteko aukera izango du lau eta bost hilabete arteko epean, martxan dagoenean.

Duchardsen esanetan, Erresuma Batuak 2021erako txertoen hornidura ziurtatuta dauka, eta, beraz, fabrikazio zentro berritik aterako den ekoizpena ez da beharrezkoa izango datorren urtera arte.