Mayak ezarritako gune urdina errefusatu dute Txantrean eginiko manifestazioan

Asteazken honetan, 20:00etan, manifestazioa egin dute Txantreako bizilagunek Sabicas plazatik abiatuta, «Stop gune urdina» lelopean, Enrique Maya alkateak ezarritako ordainpeko aparkaleku urdina errefusatzeko.

Gune urdinaren aurkako manifestazioa Txantrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gune urdinaren aurkako manifestazioa Txantrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iruñeko Txantrea auzoan asteazken honetan antolatutako manifestazio baten bitartez errefusatu dute auzokideek Navarra Sumak irailaren 1etik aurrera auzoko kaleetan ordainpeko aparkaleku urdina ezartzeko hartutako erabakia.

Auzoko kolektiboek eta bizilagunek deituta, «Stop gune urdina» leloa zuen pankarta bat jarri dute Sabicas plazatik abiatu den protestaren buruan, eta aurretik sinadura bilketa masibo bat egin dute.

Auzoko hainbat kolektibotako ordezkariek adierazi dutenez, kalean aparkatzeagatik ordainketa ezartzeko erabakia geldiarazi arte jarraituko dute sinadurak biltzen, auzoan egiten ari diren eta aparkalekuei eragiten dieten lanak amaitu arte behintzat.

Manifestazioa jendetsua Txantrean, gune urdinaren aurka protesta egiteko.

Nafarroako Arartekoak arrazoia eman die auzoko bizilagunei, eta kolektiboek eskatzen duten bezala, Enrique Mayaren udal gobernuari proposatu dio informazio eta partaidetza prozesu bat abian jartzea, bizilagunek, merkatariek eta kolektibo guztiek beren kezkak, oharrak, alegazioak, alternatibak eta abar osoki adierazi ahal izan ditzaten, eta interes guztiak kontuan hartuta, dagokion erabakia har dadin.

Hala ere, Mayak Txantrean gune urdinaren aldeko apustuari eutsi dio asteazken honetan, eta nabarmendu du inoiz ez dutela kontsultarik egin gune urdina ezarri aurretik, horiek «arrazoi teknikoengatik» ezartzen direla gaineratuz.

«Nik errespetu handia diot Arartekoari, baina guk irizpide teknikoen arabera jokatu behar dugu», azpiamarratu du Iruñeko alkateak. Eta gaineratu du Txantrea «autoak erakartzen dituen auzo» bihurtuko litzatekeela, eta, hortaz, «infernu» bilakatuko litzatekeela.

Mayaren erantzun horren aurrean, EH Bilduko bozeramaile Joseba Asironek dei egin dio alkateari «auzoari entzuteko» eta bizilagunen eta Arartekoaren gainetik «erabakiak inposatzeko estrategia ez hasteko».

Horrela, EH Bildu Iruñeko udal taldeak Mayari eskatu dio «berehala» Txantrean parte-hartze prozesu bat abian jar dezala, auzoak bere iritzia eman dezan aparkaldi mugatuko gunearen ezarpenari buruz, Arartekoak iradoki duen bezala.