NAIZ

Reala erosotasunez gailendu zaio Deportivori San Agustin Trofeoan (4-0)

Realak 4-0 irabazi dio A Coruñako Deportivori Avilesen jokaturiko San Agustin trofeoan. Atsedenaldirako, nolabaiteko erosotasunez, 2-0eko markagailua ezarri dute txuri-urdinek eta bigarren zatian errenta handitu dute. 

Ceciliak beste gol bat sartu du asteazken honetan. (@REALSOCIEDADFEM)
Ceciliak beste gol bat sartu du asteazken honetan. (@REALSOCIEDADFEM)

Realak sentsazio onekin jarraitzen dute denboraldi-aurre honetan. Hala diote emaitzek behintzat. Aurreko asteburuan "Leon de Gaza" trofeoa irabazi zuten –finalerdietan Madril CFF eta finalean Real Madril garaituz– eta asteazken honetan Avilesen jokaturiko San Agustin garaikurra altxatu dute. 

Oraingo honetan nolabaiteko erosotasunez gailendu dira pasa den denboraldi bukaeran Bigarren Mailara jaitsi zen A Coruñako Deportivo taldeari. Gainera, gazteenak protagonismoa hartzen hasi direla ere esan daiteke. Izan ere, lagunarteko honetan Ceciliak, beste behin, atea ikusi du –Real Madrilen aurka berak egin zituen bi gol– eta aurten lehen taldera igo den Mirarik zein, berez, bigarren taldean arituko den Claudiak gol bana egin dituzte. 

Nolanahi ere, Sanni Fransi finlandiarra izan da markagailua irekitzen lehena, Ceciliaren pase bat ederki probestuz. Hain justu, Realaren lehen gola Deportivori baliogabe utzitako baten ostean iritsi da. Eta lehenengoaren atzetik, beste hiru iritsi dira. 

Lehenengo zatiaren hondarrean egin du 2-0koa Cecilia aurrelariak eta atsedenaldiaren ostean sei aldaketa egin ditu Natalia Arroyok, lagunarteko bakoitzaren artean minutuak banatuz. 

67. minutuan, aldea are handiagoa izan da. Claudia izan da 3-0ekoaren golegilea eta Neurketa Mirariren golarekin borobildu dute donostiarrek. 

Asteburu honetan, Euskal Herria Kopako finalerdiak jokatuko dituzte Alavesen aurka. Hitzordua, igandean 12.00etan Beasaingo Loinaz futbol zelaian. 

Alaves eta Osasuna ere garaile

Realak asteazken goizean jokatu badu, Alavesek, Osasunak eta Eibarrek arratsaldean jokatu dute. Babazorroek 2-0 irabazi diote DUX Logroño taldeari eta emaitza berberaz nagusitu dira nafarrak armaginen aurrean.

Guardiako El Prao zelaian jokatu du Alavesek talde errioxarraren aurka. Hasieratik aukerak izan dituen arren, atsedenaldira iritsi aurretxoan sartu dute lehenbiziko gola gasteiztarrek, Lice Chamorro paraguayarraren bitartez.

Mikel Crespo entrenatzaileak taldea goitik behera aldatu du atsedenaldiaren ostean, denboraldia hasi aurretik tokatzen diren froga ezberdinak eginez. Hala, partida amaitzear zela, Nerea Nevadoren erdiraketa buruz sareetara bidali du Marta Sanadrik, 2-0eko azken emaitza ezarriz.

Garesen neurtu dituzte indarriak Osasunak eta Eibarrek. Artean denboraldi-aurre honetan partidarik irabazteke zegoen talde iruindarra, baina halakoren baten zuzendu dute oker hori ere.

Hasi eta berehala hartu du aurrea Osasunak, Leyre Fernandezek partidako aurreneko gola sartu ostean. Ez dira eibartarrak kikildu eta aukera garbiren bat edo beste izan dute Silviaren atea hauek ere zulatzeko. Arolaren errematea gutxigatik joan da kanpora eta 25. minutuan, Llompartek langara bota du baloia.

Aldaketa mordoa egin dituzte bi entrenatzaileek atsedenaldia eta gero, eta jokoaren jarraikortasunean erasan du horrek. Dena dela, emozioak bere horretan ia azkeneraino iraun du eta ez da aukeratik falta izan.

Hala, arauzko 90 minutuak betetzear zirela, Lorena Herrerak partida erabakita utzi du gorritxoen bigarren gola egin ostean.