NAIZ

Aburtok Bilboko Konpartsen kultur programako bost ekitaldi baino ez ditu baimendu

Bilboko alkateak azpimarratu du ez dela Aste Nagusirik ezta ez-festarik egongo eta «erantzukizuna» eskatu die bilbotarrei. Era berean, Bilboko Konpartsek aurkeztutako kultur programako bost ekitaldi baino ez ditu baimendu eta polizia-dispositiboa indartuko duela iragarri du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aste Nagusirik ez dela egongo berretsi du.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aste Nagusirik ez dela egongo berretsi du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak datorren astean hirian gerta daitezkeen «gizalegearen aurkako» jarrerekin «tolerantziarik ez dela egongo» ohartarazi du ostegun honetan; izan ere, aste horretan, osasun baldintza normaletan, Bizkaiko hiriburuko jaiak ospatuko lirateke.

Alkateak gogorarazi du Bizkaiko hiriburuak 500 koronabirus kasu baino gehiago dituela 100.000 biztanleko, 14 egunez. «Eremu gorrian edo egoera kritikoan gaude, oraindik ere zainketa intentsiboetako unitateetan daude hainbat pertsona eta hildako batzuk daude. Hori da daukagun errealitatea», adierazi du.

«Birus honekin negozioak, saltokiak, ostalaritza, hotelak, museoak... sektore askok sufritzen dute, baina gehien sufritzen dutenak horietako bakoitzaren atzean dauden pertsonak eta herritarrak dira», gaineratu du.

Horregatik, pandemiaren aurrean ezin dela «guardia jaitsi» nabarmendu du, zeren eta «birusak aukera bat ikusten duenean, suntsidura eragiten du. Jokabide desegoki bat, hutsegite bat, ustekabeko kontaktu bat, lasaitze-momentu bat...».

Aburtok «erantzukizuna eta errespetua» eskatu die bilbotar guztiei osasun neurrien aurrean, eta aurten Bilbon ez dela Aste Nagusirik egongo gogoratu du, «ezta ez-jairik ere». «Bilbon, ez dira onartzen jokabide hezigabeak, portaera arduragabeak eta osasun-neurriak zein betebehar zibikoak eta segurtasun-betebeharrak urratzeko saiakerak, inolako aitzakiarik gabe», azpimarratu du.

Bilboko Konpartsak

Aburtok Bilboko Konpartsei ohartarazi dienez, Udalak ez du baimenik eman bere Bilboko Irria programa kulturalean aurreikusita zeuden ekimenak burutzeko. Bost ekimen baino ez ditu baimendu, gehienak haurrentzako tailer eta jolasekin lotutakoak, eta bat ere ez Areatzan, konpartsek barrak jartzeko baimena ere eskatu baitzuten.

Polizia-dispositiboa

Gauzak horrela, Aburtok esan du Udalak osasun neurriak betetzen direla eta datozen egunetan «nahi ez diren egoerak» gertatzen ez direla zainduko duela. Horretarako, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko plan bateratu baten berri eman du, hiri osoan dispositibo bat eta neurriak ezarriz. 21etik 29ra bitartean Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak indartuko dituztela iragarri du, uniformedun eta kaleko jantziriko agenteekin.

«Bilbon isunak jartzen jarraituko da, eta pandemiarekin lotutako 19.000 salaketa baino gehiago daude dagoeneko», ohartarazi du. Multa horietatik 1.800 botiloia egiteagatik izan direla esan du.

«Bilbon kutsatzeak jaistea eta kasu berriak ez sortzea nahi dugu. Gure jarrerak zorrozteko gai izan behar dugu egoera honetatik lehenbailehen irteteko», amaitu du esaten Bilboko alkateak.