Guztira, 18 film lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera Saria lortzeko Donostia Zinemaldiko lehia-sail irekienean, Zinemaldia berak gaur iragarri duenez. Aurten hamahiru film luze, film ertain bat eta lau film labur izango dira ikusgai, tartean Joanna Hoggen, Radu Juderen eta Gaspar Noéren lanak.
Donostia Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du saria zein filmek jasoko duen; 20.000 eurokoa da diru-saria: 6.000 euro filmaren zuzendariari emango zaizkio, eta gainerako 14.000 euroak, film hori estatuan banatzen duen enpresari.
Filmen zerrenda
Hautatutako film batzuk Venezia, Cannes eta Berlingo jaialdietakoak dira, besteak beste −halakoen artean, Berlingo film luze onenaren eta film labur onenaren Urrezko Hartzak nabarmentzen dira−, eta Donostiari lotutako zinemagileen lanak ere badaude −hala nola Jean Gabriel Périot, Kiro Russo eta Laura Wandelenak−, adibidez, Nest eta Ikusmira Berriak sailetan parte hartu izan dutelako.
Kiro Russok, ‘New Life’ (2015) film laburrarekin Nest saileko Lehen Saria eta Orona Saria eskuratu zituenak, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du, Horizontes Latinos sailean bere lehen film luzea −‘Viejo calavera’ (2016)− erakutsi eta bost urtera.
Veneziako jaialditik datozenak
Veneziako hurrengo zinema-jaialdiko Orizzonti sailean estreinatu ondoren, zuzendari bolivarrak Donostian erakutsiko digu bere bigarren lana, ‘El gran movimiento’, Ikusmira Berriak programan ‘La loba’ izenarekin garatutako istorioa, sendalari baten laguntzaz bizirik irauten saiatzen den langile gaixo bati buruzko istorioa.
Orizzonti sailetik dator, baita ere, Peter Kerekes eslovakiarraren lan berria, ‘Cenzorka / 107 Mothers’, Ukrainako emakume-kartzela batean girotutako fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko film bat. Zinema dokumentalaren arloan esperientzia handia du errealizadore eslovakiarrak, eta ‘66 sezón / 66 Seasons’ (2003), ‘Ako sa varia dejiny / Cooking History’ (2009), ‘Zamatoví teroristi / Velvet Terrorists’ (2013) eta ‘Occupation 1968’ (2018) ekoitzi ditu, besteak beste.
Cannesetik datozenak
Kirill Serebrennikov zinema, antzerki eta telebistako zuzendariak Petrov's ‘Flu’ filma −Cannesko Hautaketa Ofizialean lehiatu zena− aurkeztuko digu, ametsaren eta errealitatearen arteko mugan bizi den gizon bati buruzkoa, zuzendari errusiarraren hirugarren film luzea, hain zuzen. Egileak ‘The Student’ (2016) Cannesko zinema-jaialdian Un Certain Regard sailean estreinatu zuen, eta, geroago, ‘Leto / Summer’ (Perlak, 2018) lanarekin Urrezko Palmorrirako hautagai izan zen.
Zabaltegi-Tabakalerak ‘Razzhimaya Kulaki / Unclenching the Fists’ filma −Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean irabazi zuena− ere programatu du, Ipar Osetiako hiri batean girotutako istorioa, non neska gazte bat bere familiaren kontrol itogarritik ihes egiten saiatuko baita. Kira Kovalenko zinemagile errusiarraren bigarren film luzea da, ‘Sofichka’ (2016) filmarekin egin baitzuen debuta film luzeen ekoizpenean.
‘Un monde / Playground’ filmean, neskato baten ikuspegitik eskola-unibertsoan sartuko gara bete-betean, eta neskatoaren anaia eskola-jazarpenaren biktima dela jakingo dugu; Laura Wandelen lehen obra, aurten Un Certain Regard sailean estreinatu eta Fipresci Saria bereganatu zuen. Hori baino lehen, errealizadore belgikarrak ‘Murs’ (2007) film laburra aurkeztu zuen nazioarteko hainbat lehiaketatan, baita Donostiako Nest sailean ere, eta ‘Les corps étrangers’ (2014) Cannesko film laburren hautaketa ofizialean lehiatu zen.
Cannes Première sailetik berreskuratutako beste film bat, Gaspar Noéren ‘Vortex’ da, adineko bi pertsonaren harremanari buruzkoa. Errealizadore frantses-argentinarrak Perlak sailean parte hartu zuen ‘Irréversible’ (2002) filmarekin.‘7 días en La Habana / Seven Days in Havana’ (Zabaltegi Bereziak, 2012) film luze kolektiboaren zuzendarietako bat izan zen.
Séances Spéciales deritzenean parte hartu zuen ‘Mi Iubita, Mon Amour’ lanak, Noémie Merlant aktore paristarrak zuzendutako lehen film luzeak hain zuzen; ‘Merlant Portrait de la jeune fille en feu’ (Perlak, Céline Sciamma, 2019) filmaren protagonista izan zen. ‘Shakira’ (2019) eta ‘Je suis une biche’ (2017) film laburrak zuzendu ostean, Merlantek, oraingoan, Errumaniara ezkondu aurreko agurra ospatzera joan eta mutil gazte bat ezagutuko duen emakume baten istorioa zuzendu du eta Merlantek berak egin du rol hori.
Quinzaine des Reálisateurs ataletik ‘The Souvenir: Part II’ iritsiko zaigu, Joanna Hogg, zuzendari britainiarraren kontakizun autobiografikoaren bigarren zatia; ‘Hogg Archipelago’ (2010), ‘Exhibition’ (2013) eta ‘The Souvenir’ (2019) −Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea Sundanceko jaialdian− filmen egilea da, besteak beste. Bere azken filma eguneroko bizitzako xehetasun zalantzagarriak gainditzen dituen artistaren deskribapena da; hots, oroitzapenen eta fantasiaren nahasketa alkimiko eta berezia.
Jean-Gabriel Périotek ere Quinzaine des Réalisateurs atalean parte hartu zuen; zuzendariak Zabaltegi-Tabakaleran erakutsi zuen bere lehen film luzea, ‘Une jeunesse allemande / A German Youth’ (2015), eta sail horretako saria irabazi zuen ‘Song for the Jungle’ (2018) film laburrarekin.
Halaber, New Directors sailean ere lehiatu izan da, zehazki, ‘Lumières d’été-Natsu no hikari / Summer Lights’ (2016) film luzearekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran, bestalde, ‘Nos défaites’ (2019) lanarekin; izan ere, Zabaltegi-Tabakaleran izango dugu aurten ere errealizadore frantsesa, eta ‘Retour à Reims (Fragments) / Returning to Reims’ filma aurkeztuko digu aurten; film berria Didier Eribon idazlearen izen bereko testuan oinarrituta dago, eta askotariko artxibo-materialean oinarriturik, Frantziako langileriaren istorio intimo eta politiko bat kontatzen digu 50eko hamarkadaren hasieratik egun arte.
Beste jaialdi frantsesetatik
Annecyko animazio-zinemaren azken jaialditik, eta epaimahaiaren saria bereganatu ondoren, Florence Miailheren lehen film luzea etorriko zaigu; ‘La traversée / The Crossing’ gerratik eta migratzaileen aurkako jazarpenetik ihes egiten duten bi senideri buruzkoa da.
Animazio-film laburren alorrean hiru hamarkada baino gehiagoko esperientzia izanik, zuzendariaren lanetako zenbaitzuk jaialdi ugaritan saritu izan dira, hala nola Clermont-Ferrandekoan eta Canneskoan, baita Frantziako zinemaren César sarietan ere.
Kyoshi Sugita japoniarrak azkeneko FIDMarseille jaialdian Grand Prix Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituen filma aurkeztuko digu. ‘Haruharasan no Uta / Haruhara-san's Recorder’, bikotekidearen suizidioa gainditzen saiatzen ari den emakume baten istorioa kontatuko diguna, ‘Hitotsu no uta’ (A Song I Remember, 2011) eta ‘Hikari no uta’ (Listen to Light, 2017) filmak −biak Tokioko jaialdian aurkeztuak− zuzendu zituen zinemagilearen lan berria da.
Berlingo jaialditik
Radu Jude errumaniarrak ‘Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn’ aurkeztuko digu, eduki sexualeko bideo pertsonal batengatik arazoak izango dituen irakasle baten istorioa, hain zuzen ere.
Filmak Urrezko Hartza irabazi zuen Berlingo zinema-jaialdian, non zinemagileak jada zuzendari onenaren saria irabazi zuen ‘Aferim!’ (2015) lanagatik. Zuzendariak sari ugari eskuratu ditu, hala nola Locarnoko Epaimahaiaren Sari Berezia (‘Inimi cicatrizate / Scarred Hearts’, 2016) eta Karlovy Varyko Kristalezko Globoa film onena (‘Îmi este indiferent daca în istorie vom intra ca barbari / I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians’, 2018).
Bestalde, Olga Lucovnicovak ‘Nanu Tudor / My Uncle Tudor’ lanarekin parte hartuko du, Berlingo zinema-jaialdian film labur onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen lanarekin, hain zuzen, non Moldaviako zuzendariak bere birraitona-amonen etxera itzuli zenekoa dokumentatu baitu; film labur ugariren egilea da Lucovnicova, besteak beste, hauena: ‘O crenguță de scoruș / One Little Rowan Branch’ (2016), ‘Nu am, moarte, cu tine nimic... / I Do Not Hate You, Death’ (2016) eta ‘Nu e sfârșitul / It's Not the End’ (2019).
Zhang Dalei txinatarrak ‘Xia Wu Guo Qu Le Yi Ban / Day is Done’ aurkeztuko du, Berlingo azken zinema-jaialdiko Berlinale Shorts sailean parte hartu zuen film laburra, hain zuzen, aurreko ‘Ba yue / The Summer is Gone’ (2016) filmaren jarraipena; gazte bat aitonaren etxera itzultzen denean hasten da filma.
Mundu mailako bi estreinaldi
Halaber, mundu-mailako bi estreinaldi hartuko ditu Zabaltegi-Tabakalerak. Laura Rius Aran zuzendari katalanak, ‘Les amigues de l'Àgata’ filmaren zuzendarietako batek, ‘Les filles du feu / My Friends and the Fire’ film ertaina erakutsiko digu mundu-estreinaldi gisa; egilearen aurreko film laburra ‘Millions (and Millions) of Memories’ (2018) izan zen, eta film haren bost protagonisten itzulera kontatuko digu oraingoan zuzendariak Zabaltegi-Tabakaleran.
Bestalde, Lubna Playoust frantziar-italiarrak ere bere azken film laburra (‘Le Cormoran / The Cormorant’) aurkeztuko du mundu-estreinaldi gisa; bi ama-seme uharte bateko etxe batean sartzen direla kontatzen digu zuzendariak bertan.
Film horiez guztiez gainera, Helena Girónen eta Samuel M. Delgadoren ‘Eles transportan a morte / They Carry Death’ eta Mikel Gurrearen ‘Heltzear’ film laburra ere izango dira ikusgai Donostian.
Girón eta Delgadoren film luzea, kolonizazioari buruzko diskurtso kritikoa biltzen duen abentura-kontakizun bat, Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean izan ostean ikusi ahal izango dugu Zinemaldian.
‘Heltzear’ filmak, berriz, indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatzen du; 2021ean Kimuak katalogoan hautatu dute eta Veneziako Mostrako Orizzonti atalean lehiatuko da Gurrearen filma.