NAIZ

Emakumeen irudia Kabulgo kaleetatik desagertu da

Afganistango hiriburuak aurpegia aldatu du dagoeneko. Talibanek boterea hartu eta lau egunera, erakusleihoak apaintzen zituzten emakumeen kartel eta argazkiak suntsitu dituzte.

Kabulgo edertasun zentroetako emakumeen aurpegiak beltzez estali dituzte. (Wakil KOHSAR / AFP)
Kabulgo edertasun zentroetako emakumeen aurpegiak beltzez estali dituzte. (Wakil KOHSAR / AFP)

Hogei urteotan ehunka edertasun zentro zabaldu dituzte Kabulen, eta makillaje eta manikura saioak eskaini dizkiete gorputz guztia ezkutatzen duten burkekin hazi diren emakumeei. Baina talibanak hiriburuan sartzear zeudela, emakumeak ezkontzaz jantzita eta irribarrez agertzen ziren iragarkiak ezkutatzen hasi ziren jada kabuldarrak.

Asteartean, edertasun zentroen erakusleihoak pintura beltzez estali zituzten modeloen aurpegiak ezabatzeko. Sarri taliban bat pasatzen da aitzinetik eraso fusila sorbalda gainean duela.

«Emakumeei lan egiten utzi»

Herrialdea gobernatu zuten bost urteetan, 1996tik 2001era, talibanek lege islamikoaren bertsio zorrotza inposatu zuten. Emakumeek debekatuta zuten gizonezko kiderik gabe ateratzea, baita lan egitea ere. Neskatoak ezin ziren eskolara joan. Adulterioa egiteaz akusatutakoak kolpatu eta harrikatu egiten zituzten.

Beren irudia zuritzeko eta aldatu zirela erakusteko asmoz, talibanek «emakumeei lan egiten utziko» dietela azaldu zuten asteartean, «islamaren printzipioen barrenean» beti, zehaztapen gehiagorik eman gabe.

Suhail Shaheen bozeramaileak esan zuen oraingoan burka ez dela derrigorrezkoa izango eta emakumeek unibertsitatean ikasten ahalko dutela. Nesken eskolak ere zabalik daude.

Baina afganiar eta nazioarteko komunitateko ordezkari askok eszeptizismoz hartu dituzte promesa horiek.

Komunikabideek ezkongabe eta alargunak talibanekin ezkontzera behartu dituztela salatu dute. Talibanen bozeramaileak informazio hori ukatu du, ordea, eta «propaganda» dela esan du.

Afganiarren aldeko manifestazioak mundu osoan

Mundu osoan antolatu dira manifestazioak Afganistango herritarren alde, batez ere emakume eta nesken alde.

Asteazkenean, agiri bateratu batean, Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek adierazi zuten «oso kezkatuta» daudela Afganistango emakumeen egoerarekin, eta talibanei eskatu diete «diskriminazio eta tratu txar mota guztiak» ekidin eta haien eskubideak errespetatzeko.

Uztailean, Kabulgo edertasun zentro bateko zuzendariak AFPri esan zion itxi egingo lukeela Talibanak boterera itzuliko balira.

«Itzultzen badira, inoiz ez dugu orain dugun askatasuna izango», agertu zuen 27 urteko gazteak, beldurtuta, bere izena ez jartzeko eskatuz. «Ez dute emakumeek lan egiterik nahi», ziurtatu zuen.