Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Talibanek badute norekin adostu Kabulen

Talibanak Kabulera iritsi dira. Baina horrek ez du esan nahi orain arteko politikari guztiek ihes egin dutenik. Hamid Karzai presidente ohiak, Abdullah Abdullah presidente ohiak eta Gulbuddin Hekmatyar «gerra gizonak» zer esanik badute Afganistango etorkizunean.

Hamid Karzai, bizar zuriarekin eta burusoila, talibanen ordezkariekin negoziatzen egunotan Afganistanen. (AFP)
Hamid Karzai, bizar zuriarekin eta burusoila, talibanen ordezkariekin negoziatzen egunotan Afganistanen. (AFP)

Talibanak Kabulera iritsi zirenean, joan den igandean, eratu zen Trantsiziorako Kontseilua mugimendu islamdar garailearen ordezkariekin hainbat alditan bildu da azken egunetan herrialdearen segurtasuna aztertu eta bermatzen saiatzeko.

Ashraf Ghani ordura arte Kabulgo Gobernuko presidente zenak ihes egin ondoren eratu zen Kontseilua Hamid Karzai Afganistango presidente ohiak, Abdullah Abdullah presidenteorde zenak eta Gulbuddin Hekmatyar «gerra gizonak» osatzen dute, besteak beste.

Bide batez, Pakistango ordezkaritzarekin ere bildu da Kontseilua, Islamabadeko erregimenak talibanekin dituen harreman estuak kontutan hartuta. Esan beharrik ez dago aipatu batzorde horrek Ameriketako Estatu Batuekin kontaktu zuzena duela.

Badirudi hiru politikari hauek asko izango dutela esateko Afganistango etorkizunaren inguruan, baldin eta talibanak, ziurtatu duten bezala, nolabaiteko Gobernu bateratu bat osatzeko prest badaude.

Hamid Karzai presidente karguan jarri zuten estatubatuarrek Afganistan okupatu zutenean. Jada desagertuta dagoen AEBetako Unocal (Union Oil Company of California) petrolio konpainiako buruetako bat zen zen 90. hamarkadan eta 1996an poterea eskuratu zuten talibanekin tratutan aritu zen oleodukto proiektu erraldoi baten inguruan.

Biografia oparoak

Karzai Afganistanen gehiengoa den pastun etniakoa da, durranitarren tribukoa gainera, talibanak bezala. Behin behineko presidente kargua hartu ondoren 2004ko eta 2009ko hauteskunde presidentzialak irabazi zituen.

Beraz, karguan jarraitu zuen 2014ra arte. Ordutik hona, Afganistango etorkizunari buruz tirabirak izan ditu Washingtonekin eta herrialdearen subirotasuna aldarrikatu izan du gero eta ahots handiarekin.

Abdullah Abdullah tayikoa da, herrialdeko bigarren etniakoa. Ghani erbesteratu den presidente ohiarekin sekulako liskarrak izan ditu hauteskundeetan bere atzetik geratu ostean (iruzurra salatu zuen) eta AEBen presioz, presidente orde kargua onartu zuen.

Gulbuddin Hekmatyar Hizb i Islami Afganistango alderdi islamdar handienaren buru da. Sobietar Batasunak alde egin eta ondorengo gerra zibilean gerra gizonik krudelenetarikoa izan zen.

Talibanen etsai amorratua –pastuna da baina beste tribu batekoa–,  AEBen inbasioaren ostean gerturatu egin zitzaien, hori bai, bere burua inolaz ere arriskatu barik.

Hekmatyar beti dago hor, eta beti agertzen da momentu erabakigarrienetan. Orain bezala. Ez da galduko.