Javi Calleja entrenatzaileak jokalari guztiak jokatzeko moduan edukiko ditu azken aste honetan Ximo Navarro taldera batu ostean. Ximo Navarroren errekuperazioa, gainera, funtsezkoa izan daiteke larunbat honetako erronkarako; izan ere, entrenatzaile babazorroak defentsako pieza garrantzitsu bat berreskuratzen du «defentsan oparirik ez egiteko» helburuarekin.
Helburu horixe jarri baitu, hain zuzen ere, prestatzaile madrildarrak Mallorcaren aurkako norgehiagokara begira. Era berean, onartu du, biek ala biek denboraldian zehar xede berdinengatik borrokatuko dutela, horregatik nabarmendu du behin eta berriz defentsan sendotasuna erakutsi beharra daukatela garaipena eskuratu ahal izateko.
«Real Madrilen aurkako lehen zatia egin behar dugu eta bigarren zatian gehiago hobetu», azaldu du Callejak. Izan ere, babazorroek ondo eutsi zioten talde madrildarrari lehen zatian baina bigarrena hasi bezain pronto, gol andana jaso zuten (1-4).
Mallorcak ez du Mendizorrotzan irabazten duela 16 denboralditik eta 2005eko garaipen hartatik ez du puntu bakar bat ere batu Gasteizen. Ordutik, lau aldiz lehiatu dira Mendizorrotzan eta lauetan garaile izan da Alaves.
Lehenengo Mailara itzuli den honetan, zortzi kontratazio egin ditu talde balearrak, tartean Rodrigo Battaglia dagoela –iaz Alavesen jokatu zuen–. Nolanahi ere, lehen jardunaldian soilik Maffeok eta Angel Rodriguezek egin zuten debuta. Gainontzekoak, gutxika-gutxika, taldearen dinamikan sartzen joatea espero du Garcia Plaza entrenatzaileak.
Lucas Perezen ordezko baten bila
Aste honetan bertan iragarri da ofizialki Lucas Perezek ez duela jarraituko Alavesen eta Callejak onartu du «kalitate handiko» futbolari bat galdu dutela. Nolanahi ere, egun taldean dauden jokalarietan zentratu nahi izan du eta honekin batera, adierazi du, aurrelari baten bila ere badabilela kluba.
Zentzun honetan, Alavesek atzeko lerroa osatutzat ematen du Matt Miazgaren iritsierarekin, Chelseatik utzita datorren erdiko atzelaria. «Baloiaren joko ona dauka, aireko lehietan indartsua da eta irizpide handia dauka baloiarekin irteterako orduan», baloratu du Callejak.
Manu Garciak bere bigarren etapako lehen minutuak izan zituen pasa den asteburuan eta entrenatzaileak begi onez ikusten du erdilariaren lana. «Baloia galtzen dugunean egiten duen presioa guretzat funtsezkoa da», adierazi du ostiral honetan prentsaurrekoan.