‘Ibilian-ibilian, etxerako bidean’ lelopean, Sare Herritarrak manifestazioa egin du Donostian larunbat honetan, Penintsulako hegoaldeko kartzeletan euskal presoak atzean utzi ondoren, Euskal Herrira itzultzeko ordua dela aldarrikatzeko.
Motxiladun haurren mezuak eman diote hasiera Artzai Onetik abiatu den manifestazioari. Porrotxek eta Xochitl Karasatorrek motxiladun haurren bizipenak kontatu dituzte, eta arratsalde bero batean pentsiodunek ere egin dute bat deialdiarekin.
Manifiestazioan zehar, urruntze politikarekin guztiz amaitu eta euskal preso guztiak Euskal Herrira ekar ditzaten gezia marraztu dute gazteek aterki txuriekin, eta feministen «batukada more» batekin topatu da manifestazioa Bulebarrean.
Amaieran, Inaxio Oiarzabal eta Nahikari Iturbe Sareko kideek egun «urruntze-politikaren amaieraren hasieran gaudela» nabarmendu dute. «Atzean utzi ditugu urrunen zeuden kartzelak. Orain, etapa berri bati ekin behar diogu. Orain, ibiltzen jarraitu behar dugu bidea egiten jarraitzeko: euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea», adierazi dute.
Hala, «etapa berri» honen hasieran, euskal preso guztien euskalherriratzearen eta graduen progresioaren beharra nabarmendu dute. Hori izango da, hain zuzen, datozen hilabeteetan «ahalbidetu beharreko bidea» Sareko kideen esanetan.
«Legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara», gaineratu dute Oiarzabal eta Iturbek.
Finean, «urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin» amaitu behar dela adierazi dute, eta, orain arte moduan, «zuon guztion indar eta bultzadaz».
Horregatik, eskerrak eman dizkiete ‘Ibilian-ibilian’ udako dinamikan parte hartu duten guztiei, baita «ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari» ere. «Mila esker zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Zuek gabe inoiz ez ginen iritsiko orain gauden lekura», adierazi dute.
Askatu beharreko korapiloak
Hala ere, Oiarzabalek eta Iturbek salbuespen legediak ertz asko dituela oroitarazi dute, eta oraindik ere, aipatutako urratsak eman diren arren, badirela «askatu beharreko korapiloak» espetxe politikaren baitan.
Batetik, «larriki gaixo diren presoen korapiloa askatzea dagokigu. Urte guzti hauek agerian utzi dute espetxea eta gaixotasuna ez direla uztargarriak, ez bada, berau heriotzara kondena bilakatzeko. Tamalez, behin baino gehiagotan bizi behar izan baitugu amaiera lazgarri hori», adierazi dute.
Hala, gaixotasun larria pairatuz oraindik espetxean mantentzen dituzten euskal presoak 19 direla esan dute. «Preso bakar batzuen kasuek, beharrezko zentroetara edo etxera eraman dituzten horienak, baldintza egokietan gaixotasunari aurre egin dakiokeela erakutsi digute», gaineratu dute.
Bestetik, preso diren emakumeen korapiloa askatzeko beharra aldarrikatu dute: «Sarri esan izan dugu emakume presoek zigor bikoitza jaso dutela, batetik, epaiak ezarritakoa eta bestetik emakume izateagatik gehitzen zaiena».
Sareko kideek adierazi dutenez, salbuespen legediak ezartzen dituen ezohiko neurriez gain, emakumezkoak euren zigorraldia emakumeentzat prestatuta ez dauden espetxeetan igaro behar dute, eta, sakabanaketaren ondorioz, beste kiderik gabe egotea tokatu zaie, honek dakarren isolatze sentipena jada gogorra den egoerara gehituz.
«29 dira guztira bi estatuetan preso diren emakumezkoak. Gaur ere, zigor bikoitz horrekin amaitzeko eskatzen ari gara, emakumezko preso guztiak lehentasunez euskalherriratu ditzaten, bakartze eta urruntze egoerarekin behingoz amaitzeko», azpimarratu dute.
Emakumeen kasuan gertatu ohi den moduan, antzeko zerbait gertatzen da ere, Sareren iritziz, familia izatea erabaki duten presoekin ere, «espetxea ez baitago eskubide hori duin bermatzeko pentsatua, are gutxiago salbuespen legedia ezartzen denean».
«Motxiladun haurrek, aita, ama edo biak espetxean dituzten haur, nerabe eta gazteek, urte guzti hauetan kilometroak egitera behartuak egon dira, euren gurasoen besarkada jaso ahal izateko. Oraindik ere, kilometro gehiegi daude batzuen zein besteen artean», adierazi dute.
Eta gaineratu dutenez, covid egoerak «ez du hori samurtzen lagundu, kontrara, kontaktua ere etetea ekarri baitu, haur batzuen kasuen urte'terdi luzez».
Azkenik, preso adinduen kasua mahaigaineratu dute Sareko kideek. Nabarmendu dutenez, zigorraren zati handiena betea izan arren eta 65 urtetik gora izan arren, espetxean jarraitzen dute, Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan ere, baimenik eskuratu gabe eta hirugarren gradura igaro gabe, euren etxerako prozesuan aurrera egin ezinik.

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA

Polígono de Tiro de Bardenas, «medioambientalmente sostenible» según el Ejército español

El portavoz del PNV en Getxo abre una crisis tras acusar al personal de una pérdida millonaria
