«Haurtxo jaioberriak dituzten familiekin zorretan dago Estatua. Ez da behar bertze babesten ari. Badakigu zein zaila den kontziliazioa eta bereziki sei hilabetera arte gomendatzen den edoskitze esklusiboarekin segitzea txikiak lau hilabete betetzean lanean hasi behar izanez gero», agertu zuen espainiar Gobernuko Eskubide Sozialen ministroak, Ione Belarra nafarrak, uztailaren erdialdean.
Berdintasun Ministerioarekin elkarlanean, gurasotasun baimenak sei hilabetera luzatzeko lan eginen dutela segurtatu zuen, baita 0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza sare publikoan zabaltzeko ere.
Orain kontsulta publikoaren fasean dagoen eta urte amaierarako prest egotea espero duten Familia Aniztasunaren Legeak 250 ekarpenetik gora jaso ditu. Hainbat gako ditu. Horietako bat haurraren zaintzarako dirulaguntza unibertsala da, «familiaren kontu korrontearen araberakoa izanen ez dena eta arrazoi ezberdinengatik ematen diren bertze laguntzekin bateragarria». Seme-alabak «duintasunez» hezi eta haur pobreziaren adierazle kezkagarriei aurre egiteko «modu bakarra» horixe dela pentsatzen dute.
Zaintzarako ordaindutako baimena, BPGan familiei ematen zaien laguntza handitzea (inguruko estatuek baino puntu bat gutxiago inbertitzen du Espainiak), eta bereziki guraso bakarreko familiak, LGTBI familiak eta baliabide gutxien dituztenak babestea dira legeak jasoko lituzkeen bertze puntu batzuk. Urgentziazkotzat dute «aniztasuna onartu eta babestea, gorroto diskurtsoak normaltzen ari direlako eta horrek emakumeen, LGTBI kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen aurkako indarkeria handitzen duelako».
Ama bakarren familien legea
MSPE bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeen elkarteko Alazne Paramo eta Izaskun Lertxundik erran dutenez, ikusi beharko da zertan gauzatzen diren iragarpen horiek. «Askotan entzun ditugu hitz politak eta gero bidean geratu dira. Lorpen zehatzak ikusteko irrikatzen gaude».
Elkartearen aldarrikapen nagusia ama bakarren familien lege bat egitea da, familia eredu hori babesteko. «Eredu anitza eta konplexua da: familia ugariak izan gaitezke, LGTBI kolektibokoak, desgaitasun edota behar bereziak dituztenak… Orain arte legeak ez gaitu ondo babestu eta hori aldatzeko lanean eta protestan jarraituko dugu».
Aspaldiko eskaera bat aintzat hartuko dutela aipatu zuen Belarrak: bikotekidearena izanen litzatekeen baimena ere hartzea ama bakarrak. «Legeak ez digu baimentzen eta borroka horretan ari gara epaitegietan», azaldu dute Lertxundi MSPE Euskadiko ordezkariak eta Paramo komunikazio arduradunak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldeko epaia lortu duen lehenbizikoa elkartekide bat bada, Zuriñe Quintana. Auzitegi Gorenean dago orain bere kasua, Fiskaltzak helegitea jarri zuelako.
Quintanari esker, baiezko gehiago lortu dituzte, baina oraindik ez dizkiete aste guztiak onartu, baizik eta zortzi bakarrik. Garrantzitsua da ama bakarrentzat aste guztiak lortzea.
Ama batzuek eskaria egin dute eta erantzuna aldekoa izan arren, berandu ailegatu zaie. «Baliagarria da bidea egiten ari garelako. Aurten erditu direnek disfrutatu ahal izango dute. Baten batzuk hasi dira».
Ez lukete onartuko familia ‘ezberdinei’ zuzendutako araudirik, familia normatiboen eta gainerakoen arteko banaketa egiten duenik. Aldiz, bateragarri ikusten dituzte ama bakarreko familien legea eta familien lege orokorra. «Gure ustez, legeak familia guztiak babestu behar ditu, denak maila berean izanik».
MSPE elkarteko kideek nabarmendu dutenez, datuek zuzenean lotzen dute ama bakarren familia eredua pobrezia eta gizarte bazterketarekin, baita lanordu gehiagorekin eta buruko neke eta estres handiagoarekin ere. Pandemiak gehien kaltetu dituenak dira, gainera. «Arrisku handiagoa daukagu; edozein gaitz izanez gero, osasunarekin lotua, edo lanekoa, ez dugu bikotekide baten laguntzarik, ezta haren familiarena ere».
Zer neurri har daitezke horren aitzinean? «Badira bi seme-alabako ama bakarrak, eta sinesgaitza da familia ugaritzat ez hartzea [hori aldatzea ere planteatu zuen Belarrak]. Laguntzei buruz, zuzenak izan daitezke: energian, garraioan edo eskoletan beherapenak egitea. Kontziliaziorako laguntzak ere eman daitezke: punturen bat gehiago haurra nahi dugun eskolan edo haurtzaindegian sartzeko, adibidez».
Euren ustez, funtsean, edozein legek umeen eskubideak jarri behar ditu erdian, egoera edozein dela ere. «Horrela eginez gure begirada aldatzen da».
Familia ugariaren titulua
Ministroak aipatu zuen bertze neurri bat banandu edo dibortziatu eta zaintza partekatua egiten den kasuetan familia ugariaren titulua bi gurasoek mantentzea da. Orain arte bakarrak izan zezakeen eta ez dute bidezkoa ikusten bati eskubide hori kentzea seme-alabez arduratzen jarraitzen badu.
Hirukide familia ugarien elkarteak pozik hartu du aldaketa hori, baita haur bakoitzeko dirulaguntza unibertsal bat emateko ideia ere. Aspaldiko aldarrikapena du. Ontzat eman du Espainia Europan familian gutxien inbertitzen duten estatuetako bat dela onartzea ere. «Ministroak argi utzi du ez direla ume gehiago izaten ez gogo faltagatik, familiek ezin dutelako baizik».
Gobernuak dirulaguntza unibertsal horren zenbatekoa eta iraupena zehaztea espero du Hirukidek. Nabarmendu duenez, unibertsala bada, haurtzaroan aukera berdintasuna bermatzeko tresna izateaz gain, familia politikaren kontzeptua aldatzea ekarriko du. «Funtsezko» ikusten du politika asistentziala eta familia politika ezberdintzea.