‘The French Dispatch’ eta ‘The Power of the Dog’ dira Donostia Zinemaldiaren Perlak sailerako hautatutako azken bi filmak. Lehendabizikoak, Wes Andersonenak, egunkari estatubatuar baten erredakzioan girotutako istorio bat kontatzen digu. Aktore zerrenda zabal-zabala du Cannesen aurkeztutako lanak: Timothee Chalamet, Adrien Brody, Bill Murray, Tilda Swinton, Frances McDormand, Benicio del Toro eta abar.
Kazetarientzako maitasun gutun bezala defini daiteke pelikula. XX. mendean, frantziar Estatuko fikziozko hiri batean gertatu, eta ‘The French Dispatch’ aldizkarian argitaratutako istorio bilduma bat erakusten du.
Andersonek lehendabizikoz hartuko du parte Perlak sailean, nahiz eta bere bi film ‒‘Rushmore’ (2012) eta ‘Fantastic Mr. Fox’ (2009)‒ ‘Very Funny Things. Amerikar komedia berria’ eta ‘Animatopia. Animaziozko Zinemaren Bide Berriak´ atzerabegirakoetan sartu ziren, hurrenez hurren.
Perlak sailean, halaber, Veneziako zinema jaialdian Urrezko Lehoia lortzeko lehian arituko den ‘The Power of the Dog’ filma izango da ikusgai. Jane Campionen film berria Thomas Savageren izen bereko eleberrian inspiratuta dago, eta Benedict Cumberbatch eta Jesse Plemons aktoreek antzeztutako bi anaiaren arteko liskar bat kontatzen digu. Kirsten Dunst eta Kodi Smit-McPhee antzezleek osatzen dute aktore zerrenda.
Phil Burbank karismaduna etxalde baten jabe da eta beldurra pizten du inguruan dituenengan, baita lilura ere. Anaiak emaztea eta haren semea ekartzen dizkionean, Philek sumindu egingo ditu baina, azkenik, maitatzeko aukera sortuko zaio.
Zeelanda Berriko zinemagileak sari ugari irabazi ditu, besteak beste, Epaimahaiaren Sari Berezia Mostran ‘An Angel at my Table’ (1990) filmarekin, eta Urrezko Palmorria Cannesen ‘The Piano’ (1993) obrarekin. Azken honek hiru Oscar sari ere eskuratu zituen, jatorrizko gidoi onenarena barne.
Sean Baker, Emmanuel Carrere, Julia Ducournau...
Perlak espainiar Estatuan argitaratu ez diren eta kritikak txalotu edota nazioarteko beste jaialdi batzuetan saritu dituen urteko film luzeen sorta dira. Lehian arituko diren filmek Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko aukera izango dute. Honek bi sari hartzen ditu barnean, filma Estatuan banatzeko ardura duten banatzaileentzat: batetik, film onenarena (50.000 euro) eta, bestetik, Europako film onenarena (20.000 euro).
69. edizio honetan, Victoria Eugenia Antzokiko ikus-entzuleek egile ugariren proposamen berriez gozatzeko aukera izango dute: Sean Baker, Emmanuel Carrere, Julia Ducournau, Gaston Duprat eta Mariano Cohn, Charlotte Gainsbourg, Louis Garrel, Xavier Giannoli, Ryusuke Hamaguchi (bi filmerekin), Todd Haynes, Joachim Lafosse, François Ozon, Celine Sciamma, Paul Verhoeven eta Wen Shipei.