NAIZ

Osasunaren «bahiketaren» aurkako elkarretaratzea egin dute hainbat zalek

200 bat lagunek klubeko bazkide konpromisarioei kontzientziaz bozka dezatela eskatu diete eta baloratu dezatela «dirua azkar jasotzeak» historia bati traizioa egiteak eta etorkizun bat hipotekatzeak baino gehiago balio ote duen. 

Hainbat zale gorritxok elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean Sadar ondoan. (Iñigo URIZ/FOKU)
Hainbat zale gorritxok elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean Sadar ondoan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Osasunaren Zuzendaritza Batzordea, bazkideak kontuan hartu gabe, klubaren etorkizuna arriskuan jar dezaketen erabakiak hartzen ari denaren ustetan, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean hainbat zale gorritxok, Plataforma Osasunista, Sadar Bizirik, Gorritxo Peñen elkarteak eta Federación de Peñas Osasunistas taldeek deituta Iruñeko Femin Ezkurra kalean dagoen "Sentimendua" eskulturaren inguruan.

Ekintza honekin (150-200 bat lagun inguru bildu dira) zaletuen talde hauek azkenaldian klubaren inguruan emandako zenbait erabakik, Ligak CVC inbertsio funtsarekin lortutako akordioa esaterako, sortutako ezinegona plazaratu nahi izan dute; zuzendaritza kluba «bahitzen» ari dela ere salatu dute.

Ekitaldia amaitzerakoan irakurri duten oharrean, bazkide gehienek Osasuna «zerbait garrantzitsutzat» dutela gogoratu dute, jokatzen duen mailaz harago. Taldea ahalik eta goren ikusi nahi dute, baina «benetan harro sentiarazten gaituena printzipio eta balio batzuk dituen klub bateko kide izatea da. Asko gara Osasuna guztiona dela uste dugunak eta denok gara klub honetako kide. Hartzen diren erabakietan guztiok parte har dezakegula eta ideiak eman ditzakegula pentsatzea gustatzen zaigu, eta bazkide asko gara osasunaren orainean eta etorkizunean inplikatu nahi dugunak», azaldu dute.

«Gero eta enpresa baten antz handiagoa»

Baina, salatu dutenez, azken hilabeteotan Osasuna «gurea» eta «kluba» izateari uzten ari ziola pentsarazten dieten mugimenduak ematen ari dira. «Kluba izateari uzten ari zaio, gero eta enpresa edo sozietate anonimo baten antz handiagoa duelako, eta zuzendaritza-kontseiluak inorekin kontatu gabe erabakiak hartzen dituelako. Eta gurea izateari uzten ari zaio, kontrol organoak (batzorde ekonomikoa, batzarra...) Zuzendaritza Batzordeak babesten eta zuzentzen dituelako. Azken batean, kluba bahitzen ari direla uste dugu».

Honen guztiaren aurrean aldarrikatu dute Osasuna haztea nahi dutela, «klub handia izatea, baina ez edozein preziotan».

«Parte-hartzea, inplikazioa eta Osasunismo osoaren batasuna Osasunaren funtsezko balioak izan dira, eta tristuraz ikusten dugu nola desagertzen ari diren balio horiek», gaineratu dute.

«Eta biziki tristatzen gaitu gurekin (bazkideekin) kontsultatu gabe kluba hurrengo hamarkadetarako hipotekatzea bezalako gai garrantzitsuak erabakitzeak. Osasuna oraina eta etorkizuna dituen kluba dela uste dugun pertsona askoren sentimenduarekin jolasten ari dira. Ez digu aitzakia gisa balio beste talde batzuek hori egiteak; guk gure seme-alabei eta bilobei transmititu nahi genieke gure gurasoek eta aitona-amonek guri transmititu zigutena: Osasuna klub desberdina dela, sentimendu bat dela, guztion kluba dela».

Horregatik, taldeko bazkide konpromisarioei dei egiten diete  klubarekiko maitasuna eta konpromisoa erakutsiz, «kontzientzian» bozka dezatela. «Baloratu ditzatela dirua azkar jasotzearen abantailak, historia bat traizionatu eta etorkizun bat hipotekatzearen desabantailekin».