11 pertsona atxilotu dituzte gaur gauean Iruñeko Alde Zaharrean gertatu diren istiluetan, Udaltzaingoaren patruilak, Foruzaingo eta espainiar Poliziarekin batera zenbait gune jendez husten ari zirenean. Delitu ezberdinak egozten dizkiete.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, agenteek «jendez gainezka» zeuden hainbat zonalde hustu behar izan dituzte, non «osasun araudia urratzen ari zen». Oharraren arabera, «era guztitako objektuak» jaurti dizkiete eta zortzi Polizia zauritu dira.
Hain zuzen ere, San Gregorio kalea bi aldiz hustu dute 01:00etatik aurrera, «masifikazioagatik, herritarrei eragindako eragozpenengatik eta pertsona batzuk etxebizitza baxuenetako balkoietara igotzen ari zirelako».
Lehen hustea «aparteko istilurik gabe» gertatu da, Poliziaren arabera, baina bigarrenean «pertsona talde batek botilak eta hainbat objektu jaurti dizkie poliziei», eta ondorioz, bi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat adingabea.
Ondoren, 03:00ak aldera, Artxiboaren zonaldera hurbildu dira agenteak. Adierazi dutenez, bertan 500 lagun inguru zeuden «musika gehiegizko bolumenean jarrita eta bizilagunak molestatzen».
Poliziek ibilgailuetatik jaitsi direnean, harrera «oso erasokorra» izan da, «harriak eta botilak» jaurti omen dizkiete, aipatu iturriaren arabera, eta taldea sakabanatzeko hainbat saiakera egin diren arren, egoerak «oso bortitza» izaten jarraitu duela gaineratu du.
Bilbon, 23 eta 29 urte bitarteko lau atxilotu
Bestetik, 23 eta 29 urte bitarteko lau gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon, «agintaritzaren agenteen aurkako atentatu» delitu bana egotzita. Haietako bati «desobedientzia larria» ere leporatu diote. EAEko Poliziak ohar batean azaldu duenez, «osasun araudia ez betetzeagatik pertsona talde bat identifikatzera joan ziren agenteei eraso egin zieten».
Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakaria 03:00ak aldera izan da, Alde Zaharrean.
Patruiletako bateko kideak inguruko hainbat lekutan elkarrekin ikusi zuten pertsona talde bat identifikatzera hurbildu ziren, eta, Segurtasun sailaren arabera, «haietako batzuek agenteei eraso egin zieten», eta, «taldeko beste pertsona batzuk iraintzen eta patruila inguratzen hasi ziren»