Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Tessy Ebosele
Atleta

«Atletismoa ez da nire babeslekua, baina lasaitasuna ekarri dit»

Bizipen ugari pilatu ditu aurten Tessy Eboselek (Maroko, 2002). EAEko marka absolutua hobetu zuen luzera jauzian; brontzea irabazi, Espainiako Txapelketan; 20 urtez azpiko Europako txapeldunordea ere izan zen Tallinen, eta, azkenik, jauzi hirukoitzean, zilarra kolkoratu du Munduko Txapelketan.

Tessy Ebosele, Realeko kamisetarekin Reale Arena futbol-zelaian. (REAL SOCIEDAD)
Tessy Ebosele, Realeko kamisetarekin Reale Arena futbol-zelaian. (REAL SOCIEDAD)

«Ez dakit zer egingo dudan; agian caipirinha bat hartuko dut ospatzeko». Atseden hartzen eta umoretsu dago Tessy Ebosele, eta ez da gutxiagorako. Duela hamar bat egun 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan txapeldunorde geratu zen jauzi hirukoitzeko proban. «Oso pozik nago». Zehatza da azalpenean; hitz gutxirekin ziurtasuna transmititzen du, azken urte honetan bere jauzi orotan egin legez. Egun hauetan, ikasturtea hasi bitartean, atseden hartu nahi du «denboraldia oso luzea» izan baita. «Urtebete daramat entrenatzen», esan du; izan ere, iaz, koronabirusa zela-eta, berandu amaitu zen denboraldia eta kasik hurrengoarekin batu zitzaion.

Urtebete darama gelditu gabe entrenatzen eta duela urtebetetik dabil markak hobetu eta hobetu. Lehendabizi, luzera jauziko EAEko marka absolutua berdindu zuen (6,61) Espainiako txapelketan brontzea eskuratu zuen egunean eta 20 urtez azpiko Europako Txapelketako zilarrarekin hori hobetzea lortu zuen. Munduko txapelketan ere zilarra lortu zuen, jauzi hirukoitzean, eta bere marka pertsonala haustearekin batera (13,63 metro) arantzatxo bat ere kendu zuela onartu dio GARAri. Izan ere, Tallinen jokaturiko Europako Txapelketan, baliogabeak izan ziren egin zituen hiru jauziak. «Desastre bat izan zen», gogoratu du.

13,63 metroraino hegan egin zuen Nairobin eta 20 urtez azpiko Estatu espainoleko rankingean hirugarren dago, erreferentetzat «baina ez idolotzat» duen Ane Peleteiroren eta egunero Anoetako miniestadioan topatzen duen Maria Vicenteren atzetik. Luzera jauzian bosgarren geratu zen, podiumetik soilik lau zentimetrora: «Luzera jauzian hobeto aritzea espero nuen baina, oro har, pozik nago emaitzekin. Denboraldia oso ona izan da eta espero dut hurrengoa hau bezain ona edota hobea izatea».

Gainera, gogorarazi duenez, azken urte honetan lesioek ere ez diote baimendu %100ean egotea. «Pena izan da. Tendinitis batekin borrokan ibili naiz iaztik –luzera jauzian apur bat igarri zuen– eta beste lesio txiki batzuk ere izan ditut, sorbaldan eta orkatilan, esaterako. Kostatu egin zait aurrera eramatea, baina azkenean lortu dugu Asierrek [San Sebastian, entrenatzailea] eta biok».

Bere hitzetan presente dago beti Asier San Sebastian, «teknikoki asko hobetzen lagundu» diolako; «lortu dudan guztia bere laguntzari esker izan da», onartu du.

Nazioartean ikusezin

Tessy Eboseleren izena aurten entzun da gehien, nazioarteko txapelketetan dominak lortzeak hori ematen baitu. 18 urtez azpiko txapelketetan ere marka ezin hobeak lortu zituen, luzera jauziko munduko sailkapenean lehena ere izan zen, baina behin adinez nagusi izandakoan kontua korapilatzen hasi zen arabarrarentzat, ez baitzuen espainiar nazionalitatea.

«Zaila izan zen. Nire emaitzek ez zuten meriturik, ikusezinak ziren, nazioarte mailan ez zuten baliorik. Orain ikusarazi ahal izan da nire esfortzua».

Marokon jaioa da Ebosele eta Nigeriakoa da bere familia. Urtebete zuela, bere amarekin batera, pateran iritsi zen Estatu espainolera. Ondoren, biek Gasteizen eraiki dute bizitza. Adinez nagusi bihurtzean espainiar selekzioaren ateak itxi zitzaizkion arabarrari. Orduan, La Blanca atletismo taldeak ez zuen zalantza egin eta nazionalitatea lortzeko prozesua abiatu zuen urte batzuk lehenago. 2018an prozesua hasi eta duela ez asko lortu du nazionalitatea, kasik urte eta erdi itxarote zerrendan egon ostean, iazko abuztuan lortu baitzuen. Bitartean, soilik 16 urte zituela, 18 urtez azpiko Espainiako marka haustea lortu zuen, baina ez da inon agertzen. Hau da, azken urte honetan hasi da benetan «ikusia» izaten.

«Zaila izan zen. Nire emaitzek ez zuten meriturik, ikusezinak ziren, nazioarte mailan ez zuten baliorik», azaldu du Eboselek. «Orain ikusarazi ahal izan da nire esfortzua eta urte honetan pilatu ditudan esperientziekin oso pozik nago».

Tallin eta Nairobiko txapelketetan, alegia, Europako eta Munduko txapelketetan, lehiatu da aurrenekoz nazioartean. Esperientzia hori izateko irrikan zegoen eta behin ezagututa, «aberasgarria» izan dela dio, dudarik egin gabe. «Pertsona izugarriak ezagutzea eta atletismoan lagunak egitea ahalbidetu dit. Hori da atletismoak ematen didan gauza onenetarikoa», aitortu du. 

Berarentzat «atletismoa ez da babeslekua, baina askotan lasaitasuna ekarri» diola onartzen du. «Bizitzaren beste atal bat ireki dut eskolatik kanpo, etxetik kanpo...», hausnartu du. Izan ere, iaz, Gasteiz Donostiagatik aldatu behar izan zuen; batetik, Realak fitxatu zuelako eta, bestetik, Zuzenbideko unibertsitate gradua ikasten hasi nahi zuelako.

«Kostatu egin zait. Nire lehenengo urtea izan da kanpoan eta horretara egokitu behar izan nuen. Batzuetan maldan gora ikusten nuen guztia», azaldu du, erdi barrezka, oroitzapenak burura etorri ahala. Nolanahi ere, «jende zoragarria ezagutu» duela-eta, «oso gustura sentitu» da hainbeste esperientzia batu dituen urte honetan, eta, beraz, ikasketak zein atletismoa Donostian uztartzen jarraituko duela esan du: «Zaila izaten ari da ikasketak eta kirola uztartzea, baina gustura nago bietan; hortaz, aurrera jarraituko dut.

Tessy Ebosele, aurtengo jauzi batean. (WORLD ATHLETICS)

Modu profesionalagoan

Unibertsitatea hastearekin batera, atletismoa ere modu profesionalagoan ikusten hasi da. La Blanca taldean urte onak pasatu ostean, urrats bat egin eta «sakrifizio» handiagoa egin behar zuela ere ohartu da: «Urte honetan ikusi da markak hobetzeko ahalegin handiagoak egin behar izan ditudala. Kostatu egin zait eta esfortzu ugari egin dut. Gero eta marka hobeak lortzeko sakrifizioa handitu beharko dut, ze ez da batere erraza».

Hamahiru urte zituela hasi zen atletismoan lehendabiziko pausoak ematen. Igeriketa eta gimnasia erritmikoa probatu zituen, baina ez zitzaion gustatu. Azkenean, amak zerbait egitera «derrigortu» zuen; «mugitu behar nuela esaten zidan eta atletismoan hasi eta gustatu egin zitzaidan».

Gustura sentitzen hasi zen, beste kiroletan aurkitu ez zuen erosotasuna topatuz. «Beste kiroletan kostatu egiten zitzaidan. Igeriketa egiten nuenean ito egiten nintzen; beraz, ez nengoen gustura», kontatu du  barre artean.

«Suposatzen dut ona naizela, munduko txapeldunordea naiz eta! Nik nire bideari jarraitu behar diot eta gertatuko da gertatu beharrekoa»

Gustura egote horrek aurrerapausoak ematea ere ahalbidetu dio eta, bere esanetan, garaipenak lortzeaz harago doa atletismoarekin atzeman duen ongizatea: «Kontua ez da soilik irabaztea, gustura sentitzea ere plus bat da». Nolanahi ere, beste kiroletan ez bezala, atletismoan ona dela ohartu ote den galdetuta, ezbairik gabe erantzun du: «Suposatzen dut ona naizela, munduko txapeldunordea izan naiz eta».

Domina bati edo besteari, aldiz, ez dio behar duen balioa baino gehiago eman nahi. Ez dio segurtasunik eza edo bertigorik suposatzen gero eta jende gehiagok «etorkizun oparoa» duen atleta gisa ikusteak, gero eta begirada gehiagoren jomuga izateak. Horrek ez du kezkatzen: «Nik nire bideari jarraitu behar diot eta gertatuko da gertatu beharrekoa. Badakit jendeak aurreikuspen asko dituela, baina ni ez naiz horretan zentratzen. Entrenatzean eta pixkanaka hobetzean zentratzen naiz».

Bere lehendabiziko helburua indarrak behar bezala berreskuratzea izango da, eta atletismoarekin «gozatzen jarraitzea» da daukan erronka nagusia. Horrekin batera, egunetik egunera lan eginez, hobetzen jarraitzeko asmo sutsua daukala ere baieztatu du.