NAIZ

18 urtez azpiko nazioarteko errugbi txapelketa jokatuko da asteburuan Hernanin

Etxeko taldearekin batera Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique, Donibane Lohizune, Mouguerre, Sant Cugat eta Les Abelles taldeak arituko dira, El Salvador taldeak ezin izango baitu Hernanin egon Covid-19aren eraginez.

Lehiaketa gaur aurkeztu dute Oronan (HERNANI)
Lehiaketa gaur aurkeztu dute Oronan (HERNANI)

Hernani Rugby Elkarteak gaur aurkeztu du 18 urtez azpiko mailarako antolatu duen nazioarteko txapelketa berria. Asteburu honetan jokatuko da Landaren, larunbatean eta igandean, eta Hernaniko Couth enpresak babestuko du.

Txapelketaren antolakuntzaren lanak duela hilabete batzuk hasi baziren ere, gaur arratsaldean eman zaio hasiera ofiziala Orona Fundazioan egin den aurkezpenarekin. Bertan, HCREko Lehendakaria Joxe Gurutz Elosegi, Patrick Polidori Kirol Zuzendaria eta Couth enpresako CEOa den Josean Erdoziak parte hartu dute.

Larunbatean hasiko den txapelketan zazpi taldek parte hartuko dute, azken orduko eta Covid-19aren eraginez El Salvador taldeak ezin izango baitu Hernanin egon. Etxeko taldearekin batera Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique, Donibane Lohizune, Mouguerre, Sant Cugat eta Les Abelles taldeak arituko dira.

Bi multzotan banatuta jokatuko dute taldeek eta 17 minutuko bi zatiko partidetan. Multzo bakoitzeko talde onenak elkarren aurka jokatuko dute lehen edizio honetako final handia igande eguerdian.

Lagunartekoa larunbat arratsaldean

Bien bitartean, Ohorezko B Mailan eta 23 urtez azpiko maila nazionalean arituko diren taldeek larunbat arratsaldean jokatuko dituzte sasoi berriko lehen prestaketa partidak. Bi taldeek Landaren bertan Boucau Tarnos taldearen bisita jasoko dute. Gazteenek arratsaldeko 16:00tan izango dute norgehiagoka eta nagusiek, berriz, arratsaldeko 17:30etan.

Bera Bera, Errusiara

Bestalde, Bera Bera Errusiara doa asteburuan herrialde horretan jokatuko den Europako Seven Txapelketan parte hartzera. Donostiako Udalak agur berezia egin nahi izan dio gaur taldeari bidaiatu aurretik.

Lehiaketaren xehetasun denak Imanol Intziartek Gorka Buenori egindako elkarrizketan aurki daitezke.