Dabid Lazkanoiturburu

Hil eta gero ere beldurra dio Indiak Kaxmirreko independentisten buruzagiari

Etxean atxilotuta gaixo hil ondoren, Indiak ezkutuan eta gauerdian hilobiratu du Syed Ali Geelani Kaxmirreko buruzagi independentista historikoa. Etxeratzeko agindua ezarri du Armada okupatzaileak eta interneta moztu du herrialdean protestak eta omenaldiak saihestu nahian.

Syed Ali Shah Geelani zendua 2001ean mitin batean. (STR-AFP)
Syed Ali Shah Geelani zendua 2001ean mitin batean. (STR-AFP)

Indiak soldadu gehiago bidali ditu eta, interneta moztu ondoren, etxeratzeko agindua ezarri du Srinagar Kaxmirreko udako hiriburuan Syed Ali Shah Geelani buruzagi independentista zendu ondoren.

Geelanik etxe barruko arrastatzea pairatzen zuen 2010ez geroztik –ordutik hona 2014an bi hilabetetan bakarrik utzi zioten etxetik irteten– eta bertan hil zen atzo gaueko 22.00etan adinarekin zerikusia zuten gaitzek jota, azaldu du Zahoor Geelani bere suhiak.

Buruzagi independentistaren seme gazteenak, Syed Naseem Geelanik, goizaldean segurtasun indarrak etxean sartu eta gorpua leku sekretu batera eraman zutela salatu du, familiari azken ohorezko errituak egiten utzi gabe.

Horrela, bada, gezurtatu egin du ‘The Hindustan Times’ egunkariak esandakoa, alegia, gertueneko senitartekoek eta auzokideek goizaldeko 4.00etan egin zen hiletan egoterik izan zutela.

Hori bai, egunkariak onartu egin du Poliziak ez diela komunikabideei gerturatzen utzi.

«Ezkutuan lurperatu dute», salatu du semeak, Izan ere, ohikoa da Indian –eta beste hainbat herrialdetan– etsai politikoak eta haien senitartekoak hil eta gero ere bakean ez uztea eta gorpuak bahitzea, bere jarraitzaileek ohoratzeko tokirik izan ez dezaten.  

Omenezko martxa

Hala ere, Hurriyat Alderdi Independentisten Batzarrak (APHC), dei egin die jarraitzaileei buruzagia bizi zen Srinagarreko Hyderpora auzora hurbiltzeko eta bere etxetik hastekoa den manifestazioan parte hartzeko.

Indiako soldaduek eta poliziek kaleak moztu egin dituzte.

Adina eta osasun arazoak tarteko, iaz utzi zuen Hurriyaten buruzagia Geelanik. 1929an jaio zen Kaxmirreko iparraldean.

Autodeterminazio eskubidearen defendatzaile irmoa, hiru aldiz hautatu zuten herrialdeko legebiltzarkide, 1972, 1977 eta 1987an, Jama'at-e-Islami bere alderdiaren izenean, baina matxinada independentista armatuak eztanda egin zuenean, 80. hamarkadaren bukaeran, alde egin zuen eta «askatasunaren aldeko borrokan» parte hartzea erabaki zuen.

Jarraitzaile asko zituen eta, hizlari fina izateaz aparte, hogei bat liburu idatzi zituen, tarrtean bere autobiografia, Muhammad Iqbal poeta eta filosofoaeren inguruko hausnarketak eta kartzelako egunkaria.

Izan ere, 15 urte luze igaro behar izan zituen kartzelan. 2010etik zendu arte etxe barruan zegoen, ezin atera eta Poliziaren kontrolpean.

Fededun sutsua zen eta musulmanen batasuna defendatu zuen bere bizitzan.

Kaxmir Indiak okupatu zen 1947ko Zatiketan eta egun Indiako Estatuan gehiengoa musulmana den herrialde bakarra da. Munduko eskualderik militarizatuenetarikoa da.

Autonomiarik ere ez

Indiako Gobernu hinduzaleak Kaxmirren autonomia guztiz ezabatu zuen 2018an.

Hala ere, independentismoak tinko dirau herrialde hartan eta independentzia edo Pakistanekin bat egitea defendatzen duten talde armatuek borrokan jarraitzen dute.

1947ko Zatiketatik hiru gerra egon dira Pakistanen eta Indiaren artean, bi Kaxmirren auziagatik. 1999an ere bien artean liskarrak izan ziren eta 2003az geroztik su-eten hauskorra mantentzen dute.

Imran Jan Pakistaneko lehen ministroak «tristura handia» duela esan du eta Geelaniren «hil arteko borroka» goraipatu du. «Indiako Estatu okupatzaileak harrapatu eta torturatu egin zuen baino irmo eutsi zion bere herriaren eta autodeterminazioaren aldeko borrokari».

Kaxmir bertatik baina bere lehiakide politikoa zen Mehbooba Mufti Gobernu autonomikoaren lehen ministra ohia atsekabetuta agertu da. «Auzi gehienetan ez geuden batere ados, baina bere uste sendoak defendatzeko zuen irmotasunagatik errespetatu egiten dut», amaitu du.