NAIZ

Leire Bilbaoren ‘Etxeko urak’ eta Nahia Zubeldiaren ‘Poema likidoak’, Poesia Orduak ekitaldian

Datorren astelehen eta asteartean egingo dira Donostiako Victoria Eugenia Cluben Poesia Orduak errezitalak. Lehen egunean, Leire Bilbaok ‘Etxeko urak’ laneko poema batzuk irakurriko ditu, Maite Larburu musikaria lagun. Bigarrenean, Nahia Zubeldiak ‘Poema likidoak’ ekarriko ditu Manu Matthysekin.

Leire Bilbaok ‘Etxeko urak’ bere azken liburuko poema batzuk errezitatuko ditu, Maite Larburu musikaria lagun. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Leire Bilbaok ‘Etxeko urak’ bere azken liburuko poema batzuk errezitatuko ditu, Maite Larburu musikaria lagun. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Leire Bilbao-Maite Larburu bikoteak ‘Etxeko urak’ obrako poemak errezitatuko ditu. Nahia Zubeldia eta berarekin LUMI talde osatzen duen Manu Matthysek, bestalde, ‘Poema Likidoak’ laneko pasarte batzuk ekarriko dituzte. Uraren soinua izango du, hortaz, aurtengo Poesia Orduak ekitaldiak. Heldu den astelehen eta asteartean izango da, 19.30ean Victoria Eugenia Cluben, Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira antzokiko leihatilan, emanaldien egunetan bertan 17.00etatik aurrera.

Ondarroako idazleak ‘Etxeko urak’ liburua aurkeztua duen arren, astelehenean, irailak 6, egingo duena izango da aurreneko errezital osoa, lehenengoz Maite Larburu artistarekin batera.

1978an jaioa, Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua da Bilbao, Deustuko Unibertsitatean. Bertso munduarekin lotura dauka gaztetatik; txapelketa, plaza eta bertso idatziak utzi eta orain gai-jartzaile lanetan aritzen da. Hainbat komunikabidetan ibili da kolaboratzaile gisa, azkenaldian ‘Berria’n zutabegile.

Zenbait sari ere jaso ditu bertso eta literatura lehiaketetan. ‘Scanner’ poesia liburua kaleratu zuen 2011n Susarekin. Geroztik hainbat liburu plazaratu ditu haur literaturan, eta 2017an Euskadi Saria jaso zuen alor honetan ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’ (Pamiela) liburuagatik.

‘Etxeko urak’ liburua 2020an argitaratu zuen, Susarekin. «Horrek etxeko urak dauzka», esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Amatasunetik idatzitako liburu bat da, baina ez amatasun idiliko batetik, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera.

Lan honen errezitaldian lagunduko duen Maite Larburu Hernanin jaio zen 1979an. Biolina musika klasikoaren ildotik ikasi ondoren, antzinako musika edo mugimendu historizistan espezializatu zen Amsterdameko Kontserbatorioan ‘Nicanor Zabaleta’ sariaren laguntzaz. Ondorioz, arlo horretako Europa erdikaldeko talde esanguratsuenekin egin du lan azken 15 urteetan.

Hala ere, biolina ez da Larbururen sormen lanabes bakarra. Hiru disko plazaratu ditu kantugile moduan. Azkena, ‘Hezurren azpian’, bere lehendabiziko bakarkakoa da. 2020ko Musika bulegoa saria jaso zuen album onenaren sailean eta 2020ko musika independentearen Premios MIN sarien finalista izan zen, euskarazko album onenaren sailean.

Bere azken proiektuen artean ‘Amua’ antzezlana dago, Axut! antzerki konpainiarekin elkarlanean sortua. Antzezlan honetarako musika sortu eta interpretatzeaz gain, Larburu oholtza gainean dabil aktore lanetan, Ximun eta Manex Fuchsen alboan.

Laster plazaratuko du bakarkako bigarren diskoa ere, ‘kRak’ izenekoa, helburu anitzekin sorturiko doinuak eta ‘Amua’ antzezlanerako idatziriko musika biltzen dituena.

Nahia Zubeldiaren ‘Poema likidoak’

Irailaren 7an, asteartea, Nahia Zubeldiak Elkanoren itsas bidaian inspiratuta idatzitako poemen inguruko errezital musikatua eskainiko du Manu Matthysekin batera. LUMI taldea osatzen dute biek. 1982an Donibane Lohizunen jaioa, itzultzaile profesionala da Zubeldia. Aspaldi dabil testuak idazten eta musika sortzen, besteren artean, Unama eta LUMI taldeetan. Idazketa beti izan du ondoan eta Bordelen Hizkuntza Zientzien lizentzia lortu ondotik, itzulpengintzan eta interpretazioan lizentziatu zen EHUn.

Bere kantuen letrak idazteaz gain, 2020an hautatua izan zen Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duten euskal idazle egonaldiaren hamargarren edizioan parte hartzeko. 2020ko azaroaren 23an hasi eta hilabetez Hendaiako Nekatoenea baserrian egon zen olerki bilduma bat lantzen, Juan Sebastian Elkanoren larruan sartuz.

Zubeldiak berak (ahotsa eta gitarra elektrikoa) eta Matthysek (elektronika) osatzen dute LUMI
elektro-pop bikotea. Taldea 2014an sortu zen Ziburu eta Donibane Lohizune artean. Folk musikan eta musika elektronikoan egindako bideak batu ditu, eta soinu elektronikoarekin jantzi dituzte euskarazko abestiak, malenkonia berezi eta melodia irrealen atmosfera bakar bezain ederra erdietsiz.