Parisko Zigor Auzitegiak bere absoluzioa erabaki ondoren Euskal Irratiekin mintzatu da Josu Urrutikoetxea gaur goizean. Epaiaren garrantzia nabarmendu du. Bere iritziz, «gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoeraren aurrean inportantea da Justiziak hori kontuan hartzea eta paraleloki egoera hori segitzea, horrek suposatzen baitu nolabait beste mota bateko justizia aplikatzea». Aurrera begira, beraz, hori «onuragarria» izango dela uste du, izan ere «epaimahai honek kontuan hartu du Euskal Herriko jendarteak egin duen eboluzioa eta hori kontuan hartuta eman du erabakia».
Negoziazio prozesu batean bitartekari lana egitea ez dela delitua ebatzi du Auzitegiak eta hori ere nabarmendu du Urrutikoetxeak. Ildo horretan, azken urte honetan «nazioarteko sostengu komiteak egin duen lanak» eta iragan udaberrian frantziar Asanblea Nazionalean egin ziren mahai inguruek zerikusia izan zutela adierazi du. «Horrek argi erakutsi du Euskal Herriko egoera nondik nora pasatzen den eta horrek izugarrizko garrantzia izan duela erabaki honetan».
Auzi honetan errugabe jo ordez zigortu izan balute, horrek aurrekaria sortu ahalko lukeela dio militante historikoak, beste hainbat gatazkatan bitartekari lanetan aritu direnak ez dituztelako epaitegiek zigortu. Gogoratu duenez, frantziar Estatua «zuzenki bustita» egon zen 2005-2006ko negoziaketa prozesuan eta 2011-13koan. Horregatik, bere iritziz, «aho betez hitz egiten dutenean munduko beste gatazka batzuetan erraztatzaileak direla, negoziatzaile bat zigortzea beraiek barruan egon direnean, nolabait bere irudi horren eta bere teilatuaren kontra harriak botatzea» izango litzateke eta, horrekin batera, «munduan dauden gatazketan ari diren, aritu diren eta arituko diren negoziatzaileentzat izugarrizko kolpea» ere bai.
Atzoko epaiak irailaren 13 eta 14an dituen auzietan eragina izan beharko lukeela uste du Urrutikoetxeak, nahiz eta beste epaitegi batek –Dei Auzitegiak– epaituko duen. Nolanahi ere, orain arte onartu dizkioten bi euroaginduak hor daudela eta espainiaratzeko agindua ez dela gelditu azaldu du; «denborak esango du» zer gertatzen den.
Aiete, 10 urte
Elkarrizketan Aieteko konferentziaren 10. urteurrena ere izan dute hizpide. Urrutikoetxeak adierazi duenez, hamar urte hauetan «izugarrizko urratsak egin dira baina egiteko asko daude». Honako gogoeta egin du: «Hasteko, Euskal Herrian frantziar Estatuak gatazka politiko bat du eta paso egiten du. Nahiz eta urrats asko eman diren hamar urte huetan, gaur egun ere frantziar Estatua parametro horietan jokatzen ari da eta espainiar Esatatua zer esanik ez».
Horregatik, «asko» egin den arren, «egiteke asko» dagoela azpimarratu du eta «horrek denak lana eskatzen du». Urrutikoetxearen aburuz, hemendik aurrerakoa «orain egindakoa baino luzeagoa izango da» eta «denen laguntza beharrezkoa izango da Euskal Herriak behar dituen pausoak emateko».
Nola topatu du Euskal Herria?
Azken uda Angelun igaro du Urrutikoetxeak, kontrol judizialpean. Hainbeste urteren ondoren Euskal Herria nola topatu duen galdetuta, bereziki etxebizitzaren arazoak «harritu» duela esan du, «zuzenki bizi izan dudalako azken hilabete hauetan». Horrekin batera, «turistifikazio masiboa, lurrarekin egiten ari diren xahuketa, nekazal munduaren arazoak, euskararen kontrako erasoak, etorkinen arazoak...» aipatu ditu.
«Nahiz eta teorian ikusia nuen, prentsa segitzen nuelako, bat batean jo nau horrek bere dimentsio gordinean eta horrek erakusten du Euskal Herrian ez gaudela bake prozesu batean», amaitu du.