NAIZ

Euneiz diru publikoz finantzatzea ekiditeko legezko zuzenketak aurkeztu ditu EH Bilduk

EH Bilduk lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Euneiz sortzeko Lakuaren lege proiektuari, bermatzeko unibertsitate pribatu horrek ez duela diru publikorik jasoko. Horrez gain, 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea puntu horri dagokionean aldatzea planteatzen du.

Euneiz proiektuaren kontrako protesta sindikala. (Endika PORTILLO/FOKU)
Euneiz proiektuaren kontrako protesta sindikala. (Endika PORTILLO/FOKU)

EH Bilduk lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio European University Gasteiz (Euneiz) sortzeko Lakuako Gobernuaren lege proiektuari, bermatzeko unibertsitate pribatu horrek ez duela diru publikorik jasoko.

Zehazki, koalizio independentistak lau xedapen gehigarri erantsi asmo dizkio Lakuaren jatorrizko testuari ohartarazteko euskal unibertsitate sistema irabazi asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik osatzen dutela eta, ondorioz, finantzazio publikoa ere irabazi asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik jaso ahalko dutela.

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak adierazi duenez, «Euneiz bezalako unibertsitate pribatu batek, irabazi asmoa duenak, ezin dezake diru publikoa jaso, eta legeak argi utzi behar du».

Horretarako, ostiral honetan aurkeztu dituen lau zuzenketen bitartez, EH Bilduk Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea, 2004koa, puntu horri dagokionean aldatzea planteatzen du. «EH Bildun argi dugu euskal unibertsitate sistemak fakultate eta espezialitate guztiak eskaintzea positiboa eta beharrezkoa dela, eta horrek bultzada publikoa behar duela, betiere legediak eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatuta eta argi utzita irabazi-asmorik gabeko unibertsitatea izatea ezinbesteko baldintza izan behar dela diru publikoa jasotzeko», azpimarratu du Arresek.

Zuzenketak aurkezteaz gain, EH Bilduk txosten juridiko berri bana egiteko eskatuko die Gasteizko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari (Unibasq) Euneizen proiektuak aldatu berri den legedia betetzen duen aztertu eta argitu dezaten.