Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / redactor de la sección de opinión

Gaztetxeak Iruñean: hausnarketa bat

Gaztetxeek gazte kritiko eta antolatuak biltzen dituzte eta Nafarroako kultura herritar disidentearen islada erradikalena dira. Hortaz, soberan daude eskuinaren jendarte ereduan.

Poliziaren kordoia, atzo, Errotxapeako gaztetxera hurbiltzea eragozten. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Poliziaren kordoia, atzo, Errotxapeako gaztetxera hurbiltzea eragozten. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Atzo Iruñeko Udalak Errotxapeako gazte ugariren ametsak zapuztu zituen. Ohi bezala, polizia dispositibo erraldoi bat ezarriz; ohi bezala, atxiloketa, borrakada eta pilotakaden bidez. Atzo, Errotxapean, amorrua eta inpotentziaren eguna izan zen, baina baita duintasunarena ere.

Nafar eskuinaren jendarte ereduan ez dago gaztetxeendako lekurik, ezta parte-hartze politikoarendako ere. Gazteentzako eskaintza atomizazioa eta kontsumoa dira; sumisioa eta, lau urtean behin, hauteskundeak; bizi baldintza prekarioak eta protestaren errepresioa. Gaztetxeek gazte kritiko eta antolatuak biltzen dituzte eta Nafarroako kultura herritar disidentearen islada erradikalena dira. Hortaz, soberan daude eskuinaren jendarte ereduan. Eta lokal okupatuek legea urratzen dutenez, eskuinak erraza du gaztetxeak indarrez hustea. Atzo, Iruñeko gaztetxe bakarra desalojatu zuten, elkarrizketarik gabe, eskaintza alternatiborik gabe. Kalera eta hor konpon.

Déjà vu garratz batean, sare sozialen bidez ikusitako irudiek, aldarrikapen oihuek eta tentsio giroak 39 urteko zahar honi bere gazte garaiko borrokak gogoratu zizkion. 2004an, Euskal Jai gaztetxearen desalojoaren ostean, hiru urtez luzatuko zen borrokaldi potentea abiatu zuen gazte mugimenduak Iruñerrian. Hustutze hari okupazio ugarirekin erantzun zion, eta desalojoak ere bata bestearen atzetik etorri ziren. 2007ko maiatzeko udal hauteskundeak baino lehen, Piztera! dinamikak desobedientzia kanpaina indartsua garatu zuen.

Hauteskunde haietan Yolanda Barcinak, gure Margaret Thatcher foralak, Iruñean alkategai batek inoiz atera dituen emaitzarik onenak atera zituen. 2003-2007 legegintzaldian 23 okupazio eta 24 desalojo izan ziren Iruñerrian. Berrehun bat atxilotu, ehun bat auziperatu, gazte bat espetxeratua eta beste dozena bat espetxeratzekotan izan ziren. UPNren politika honek Iruñerriko biztanleriaren sektore zabal baten babes aktiboa eta beste sektore zabal baten oniritzia eduki zuen. Eta horrexegatik hain zuzen ere Errotxapeako gaztetxearen desalojo bortitzak ez die ez Enrique Mayari ezta Jose Luis Arastiri ere buruhausterik eragingo: atzoko desalojoak eta polizia interbentzioak Iruñeko biztanleriaren gehiengo zabal baten babes aktiboa edota oniritzia duelako.

Okupazioaren sinboloak mugimendua iradokitzen du. Gezia ez da zirkuluan gelditzen, sartu eta ateratzen da (dute). 2007tik aurrera, Iruñean gezia ez zen hil, baina bere burua bide berriak bilatu beharrean aurkitu zuen. Batzuek lokalak alokatu zituzten; beste batzuk, besterik gabe, sakabanatu egin ziren. Segiko kide ugariren espetxeratzeak ere gazte mugimendua ahuldu zuen. Eta ezin denean, ezin da. Baina 2015ean, ETAk borroka armatua utzita eta 2008ko krisi ekonomikoak jendartea gogor kolpatuta, borroka ziklo luze bati esker aldaketa politikoa gauzatu zen nafar instituzioetan. Honek aukera berriak ekarri zizkion gazte mugimenduari, eta gezia berriz zirkuluan sartu zen (ez tentsio eta kontraesanik gabe, jakina denez).

Aldaketa iraganeko kontua da eta atzo, kolpeka, Errotxapean gezia zirkulutik atera zuten; kanpoan dagoela, norabide berriak aurkituko ditu, ez izan dudarik.