Danel Elezkanok eta Jon Mariezkurrenak asko sufrituta lortu dute Caixabank Mastersaren finalerdietarako txartela. Zierbenan jokatu den play-offeko partidan, 22-18 menderatu dituzte ordezko lanetan jardun duten Unai Laso (Peio Etxeberria ordezkatuz) eta Ruben Salaverri (Jon Ander Albisuren lekua hartuz).
Hasiera ona eman diote gorriek neurketari eta 3-0 aurreratu dira Elezkanok egindako hiru tantori esker: lehena txokoan, bigarrena gantxoz eta hirugarrena sakez. Mariezkurrenak indartsu ekin dio demari eta agintea gorriena izan da lehen tanto horietan. Elezkanoren beste tanto batekin 4-1 ere ipini dira.
Baina urdinek azkar erreakzionatu dute. Salaverri oso seguru aritu da atzean, pilotarik ia galdu gabe, eta Lasok sartzeko aukera izan duen unean partidaren kolorea aldatzen hasi da. Egoera zailean jokatu du Baikoko aurrelariak, baina argi utzi du dominatuta egon arren aurrean tantoak nahasten maisua dela, eta nahaste horretatik zukua ateratzen ere bai.
Modu horretan lortu dute bi ordezkoek emaitza irauli eta markagailuan aurretik jartzea: 4-6 lehenik eta 6-7 ondoren, Lasoren tanto on batzurekin eta Mariezkurrenaren beste huts batzurekin. Kontuan izan behar da une hori, markagailuan aurretik egon diren azken unea izan delako.
Gorriak, berriz arnasa hartuta, 6-7tik 11-7ra joan dira bost tanto jarraian eginda. Une arraroak izan dira, urdinek 9-7koan atsedena eskatu dutelako eta juxtu tarte horretatik bueltan bi sake erraz erantzunik gabe utzi dituztelako.
Hortik aurrera gorriak beti aurretik ibili dira eta urdinak jo eta ke gerturatu nahian. Gerturatzen ziren, bai, baina aurrea ez zuten inoiz hartzen. Izan ere, tanto ikusgarriak huts nabarmenekin tartekatzen zituzten.
Tanto ikusgarrien atalean bat nabarmendu behar da beste guztien gainetik, urdinen 18-16koa. Ruben Salaverrik aurrera joan behar izan du eta berak amaitu du tantoa hiru pilotakada ikusgarrirekin: gantxoa zabalera lehenik, bolea ondoren eta txokoan dejada. Handik gutxira zabalean dejada bikain bat ere egin du errioxarrak, 18-17an tanto bakarrera ipintzeko.
Unai Lasok ere tanto ederrak sinatu ditu, 17-13ko ormabikoa edota atzean egindako hiruzpalau, azkena 19-18koa, berriz ere tanto bakarrera jarriz. Baina hortxe amaitu da urdinen etorria eta gorriek ongi asmatu dute azken txanpan neurketa ixten.
«Entrenamenduetan oso gustora nabil, gantxoarekin asmatzen, baina gaur segituan ikusi dut ez nuela minik egiten, lurra ere mantsoa zelako. Lan egitea tokatu da eta pozik garaipena lortu dugulako», adierazi du Danel Elezkanok amaieran.