NAIZ

Paolo Sorrentino zinemagileak eskola magistrala emango du Zinemaldian

Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarrak eskola magistral bat emango du Donostian, Zinemaldiaren barnean, ‘È Stata La Mano di Dio / The Hand of  God’ filma aurkezteaz gain, Veneziako Mostrako lehiaketa ofizialean izan ostean.

Paolo Sorrentino eta Filippo Scotti aktore gaztea, Veneziako Mostran irailaren 2an, bere azken filmaren aurkezpenean. (Filipo MONTEFORTE / AFP)
Paolo Sorrentino eta Filippo Scotti aktore gaztea, Veneziako Mostran irailaren 2an, bere azken filmaren aurkezpenean. (Filipo MONTEFORTE / AFP)

Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarrak eskola magistral bat emango du Tabakalerako zinema-aretoan hurrengo zinemaldiaren barnean. ‘La grande bellezza’ filmaren egileak bere azken lanari eta zazpigarren artearekin duen loturari buruz hitz egingo du hilaren 22an, asteazkenean, 19.00etatik 20.30era.

Napolin 1970ean jaiota, Sorrentino ‘L'uomo in più’ (2001) Veneziako Cinema del Presente hautaketan emandako filmarekin egin zuen debuta. Geroago, hauek zuzendu zituen: ‘Le conseguenze dell'amore’ (2004), Cannesko jaialdian lehiatu zena; ‘L'amico di famiglia’, zeinarekin Canessera itzuli zen 2016an; ‘Il Divo’, Cannesko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea 2008an; ‘This Must Be The Place’, Cannesen berriz izan zena 2011n; ‘La grande bellezza’, 2013an Cannesen izateaz gain, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria eman ziona zinemagileari; azkenik, Youth Zinema Europarraren hiru sariren irabazlearekin Cannesera itzuli zen 2016an.

‘Loro’ (2018) eta ‘È stata la mano di Dio’ –Venezian lehiatua– ere zuzendu ditu, baita ‘The Young Pope’ (2016) eta ‘The New Pope’ (2019) telesailak ere.

Bere azken lanean, ‘È stata la mano di Dio’ filmean, Napoliko (Italia) gazte baten larritasunaren eta askapenaren istorioa iritsiko zaigu. 1980ko hamarkadan gaude, eta 17 urteko Fabietto Schisa bere lekua aurkitzeko borrokan ari den italiar nerabe baldar bat baino ez litzateke izango, bizitza maite duen familia paregabe batek ematen dion pozagatik izango ez balitz, bihurrikeriak egiten eta harreman korapilatsuetan nahasten gozatzen duena.

Baina pare bat gertakarik dena aldatuko dute. Batetik, kirolaren mito jainkotiar bat iritsiko da Napolira: Maradona, futboleko idolo arrakastatsua, Fabietto bera eta hiri gatazkatsu guztia liluratzen dituena eta lehen ezinezkoa zirudien harrotasuna sentiarazten diena. Eta, bestetik, Fabiettoren bizitza bertan behera erroraraziko eta haren etorkizuna bultzatuko duen ezbehar pentsaezin bat.

Itxuraz Maradonak salbatua, halabeharrak edo Jainkoaren eskuak ukitua, Fabiettok patuaren izaerarekin, galeraren nahasmenarekin eta bizirik egoteko askatasun hordigarriarekin borrokatuko du.