NAIZ

Lurralde debekua eta Fijaiten betebeharrak urratzeagatik Oari zabaldutako auzia, otsailean

Frantziar Estatuko lurraldean bizitzeko ezarri zioten debekua urratzeagatik eta Fijait fitxategiko neurriak ez betetzeagatik iragan azaroan atzeman zuten Oier Oaren aurkako auzia heldu den otsailera atzeratu dute.

Oier Oa gaur arratsaldean Baionako auzitegian sarreran. (Guillaume FAUVEAU)
Oier Oa gaur arratsaldean Baionako auzitegian sarreran. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Estatuko lurraldean bizitzeko ezarri zioten debekua urratzeagatik eta Fijait fitxategiko neurriak ez betetzeagatik iragan azaroan atzeman zuten Oier Oak hitzordua izan du gaur Baionako auzitegian. Bere defentsak hala eskatuta auzia atzeratzea onartu du epaileak. Otsailaren 15ean eginen dute.

Eskal preso ohiaren abokatuak, Amaia Rekartek, errekurtso bat sartu zuen Pariseko auzitegian bere garaian ezarri zioten bizi osorako lurralde debekua altxatzea galdetuz.

Azaroan jaso behar luke erantzuna. Hori dela eta auzia gibelatzeko eskaera luzatu dio gaur epaileari.

Gaurko auzi-saio horren atarian elkarretaratze bat izan da 13.30an hasita Etxepare lizeoko atarian, bertan hezitzaile gisa lan egin baitu Larresoson bizi den donostiarrak.

2020ko azaroaren 25ean, Larresoro eta Baiona artean frantziar Poliziak ezarritako kontrol batean gelditu eta horren ondoren atxilotu zuten Oier Oa.

Biharamunean azke utzi bazuten ere, frantziar Estatuko lurraldean bizitzeko ezarri zioten debekua urratzeagatik eta Fijait fitxategiak jasotzen dituen neurriak ez betetzeagatik atzeman zutela argitu zion Larresoron bizi den donostiarrari Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak.

Horren ondorioz, Hego Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen euskal preso ohiak, 2021ko martxoaren 26an deituriko auzi saioaren zain.

Erabakiak traba handiak eragin zizkion Oari bai bere familia bizitzari dagokionez baita lanari buruz. Izan ere Larresoro bertatik berehala abiatu zen sostengu kanpaina.

Lizeoko sarreran elkarretaratzea

Martxoaren 26an Baionako auzitegira joan zenean Etxepare lizeoko ikasleak zain zituen, eta eskerturik agertu zen preso ohia bertan jasotako babesagatik.

Akordio batera heltzeko xede zuen hitzordu horretan azagutu zuen Oak prokuradoreak eginiko proposamena: lau hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin.

Euskal preso ohiak ez zuenez onartu eskaintza hori, prokuradoreak epaiketa izanen zuela ondoko hilabeteetan jakinarazi zion.

Horrendako gaurko hitzordu berria jarri zioten Oari Baionako auzitegian.

Oier Oa 2012ko otsailaren 24an atxilotu zuen lehen aldikoz frantziar Poliziak Angelun. Lau urteko espetxe zigorra bete ondoren 2015eko apirilaren 4an kartzelatik atera zen.

Alta, Oa ez zen aske gelditu eta Paris inguruko herri batean konfinatu zuten. Uztailaren 3an kanporatua izan arte –libre gelditu zen Madrilera iritsi orduko– migranteentzako erretentzio zentro batean atxiki zuten.

2015eko uztailean aske geratu zenetik Larresoron bizi da bere emazte eta hiru semeekin. Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du. Urte hauetan behin baino gehiagotan Lapurdin bizitzeko eskaera egin du, baina frantziar administrazioak inoiz ez dio bere egoera erregularizatzeko aukerik eman.

Azkeneko atxiloketa horren ostean, bere abokatuak, Amaia Rekartek, errekurtso bat sartu zuen Pariseko auzitegian garaian ezarri zioten bizi osorako lurralde debekua altxatzea galdetuz.