NAIZ

`Txikiak Handi´ hizkuntza gutxituen aldeko manifestua sinatzera animatu du Lizarra Ikastolak

Lizarra Ikastolak, 2021eko Nafarroa Oinezen azken txanpan sartuta, zenbait ekimen eta jarduera eginen ditu urrira bitarte, horien artean hizkuntza txikien handitasuna aldarrikatzen duen egitasmoa. Bertan, atxikimenduak biltzeko kanpaina hasi du, nafarroaoinez.eus/txikiakhandi helbidean.

`Txikiak Handi´ Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak sortu zuen 2009an, eta sare zabala da orain.
`Txikiak Handi´ Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak sortu zuen 2009an, eta sare zabala da orain.

`Txikiak Handi´ hizkuntza gutxituen aldeko kanpaina hasi du Lizarra Ikastolak, Nafarroa Oinezen ekitaldien barrenean. Bertan, manifestu bat sinatuz, hizkuntzen normalizazioan lanean segitzeko zubiak eraikitzeko konpromisoa hartzera animatzen du jendea.

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak 2009an ospatu zuen Nafarroa Oinez jaiari lotutako leloa izan zen `Txikiak Handi´. «Andra Mari Ikastola txikia da, ikastola osatzen duten herriak txikiak dira, gure herrialdea, Euskal Herria, txikia da eta nola ez, gure hizkuntza, euskara, hizkuntza gutxitua da. Baina txikiak izanda ere sendoak gara, indartsuak eta etorkizun handikoak eta horixe izan zen 2009an Nafarroa Oinezen bitartez aldarrikatu nahi izan zena, hizkuntza gutxituei lotuta», esplikatu dute Lizarra Ikastolako lagunek.

Handientzako lekua bakarrik duen jendarte globalizatu honetan, Andra Mari Ikastola Europako hizkuntza txikien enbaxadore bilakatu zen. `Txikiak Handi´ manifestua sortu zuen eta herrialde txikien sarea eratzeari ekin zion txiki askoren loturak indarra ematen duelako.

Hala, 2010etik aurrera, `Txikiak Handi´ proiektu egonkor bilakatu zen. Nafarroa Oinez festa bidelagun, euskara eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza anitzen mundura zabaltzeko eta hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea xedetzat hartuta beti.

Sare zabala eta sendoa eratu da

Ekimena sortu zenetik hamaika izan dira Nafarroa Oinez ekimena antolatu duten ikastolek aitzinera eraman dituzten proiektuak eta beste herrialde batzuekin izandako harremanak. Sare zabala eta sendoa eratzea posible egin du horrek.

Lizarra Ikastolak, azken bi urte hauetan Nafarroa Oinezen gidari izan denak, manifestua sinatzera animatzeko kanpaina abiatu du orain. Irailaren 19a bitarte luzatuko die gonbita norbanako, erakunde, elkarte eta beste edozein talderi, nahiz eta urte osoan egonen den atxikitzeko aukera.

Atxikimenduak http://nafarroaoinez.eus/txikiakhandi/ webgunearen bitartez jasotzen ari dira. Erronka 5.000 sinaduretara heltzea da.