Berruetako lur sailean giro gazi-gozoa zegoen ostegun iluntzean. Berrehun bat lagun bertaratu dira 15 hektareako eremuaren balizko salmentari buruzko azkeneko berriak jasotzera.
Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak, eskuz esku, 79 egunez aitzina eraman duten okupazio ekintzak lehen emaitza eman duela jakiterakoan txalo zaparrada batekin erantzun dute. Berri nagusia hori baitzen.
«Salmenta hautsi dugu» adierazi du argiki Dominique Amestoyk, garaipen handia lortu dutela berehala gaineratuz. Izan ere, «abantzamenduekin batera badira oztopoak ere», argitu du.
Ortzaizekoak zehaztu duenez 3,2 milio euroan itxi zen salmenta operazioa bertan behera gelditu da, «eroslea, Diane de l'Espee, erretiratu delako, betirako».
Lur eremuaren jabeak, M. Borotrak, negoziaketari ekiteko prestutasuna agertu duela gaineratu du. Izan ere, laborariek eginiko proposamenari bizkarra emanez orube osoa, hasierako prezioan, saltzeko asmoa baieztatu duela jabeak jakitera eman du Amestoyk. Aitorpenak giroa hoztu du Berruetako pentzean.
Laborariek proposatu zuten erosle berriak etxea eta inguruko hiruzpalau hektarea inguru gordetzea, bidearen bestaldean diren 11,2 hektarea inguru laborantzarako utzita.
Safer egiturak eremuaren bigarren zati hori laborantzarako gordetzeko xede lehentasunezko erosketa eskubiderako eskaera ofiziala egin bazuen ere, eskaera hori ez da onartua izan.
Finean, negoziaketa zerotik hasiko da. Ezer ez da irabazita, ezta galdua ere.
Izan ere gaurko agerraldian laborariek nabarmendu dutenez «dagoeneko ez gara bakarrik; are, orain dela dela gutxi arte gure ekintzak kondenatzen zituztenak ere gure ondoan baditugu gaur».
Saferrekin «elkarlan estua» aitzineratuz eta Euskal Elkargoarekin «engaiamendua sakonduz» salmenta espekulatiboa geldiarazi dute. Aurrera begira aurreikusten den negoziaketa samurra ez bada ere, «baldintza berriak» eskuratu dituztelako kontent azaldu dira Lurzaindia eta ELBko kideak.
Hunkituta, berriki zendu den Andde Dubois Lekorneko laborariari eskain¡ diote behin-behineko garaipena. Poza eta tristura berriz ere banatuz Berruetako eremurat hurbildu diren herritarren artean.
Iraila hastapean ‘Egun bat, herri bat’ dinamika plantan eman zutenetik eskualde ezberdinetatik heldutako herritar taldeak txandakatzen ari dira Arbonan okupazioari hauspo berria emanez. Konpromiso herritar hori garaipenen zorroan sartu du Amestoyk bere hitzartzean.
Heldu astelehenean bilkura eginen dute ELBk eta Lurzaindiak okupazioaren segidari buruz erabakiak hartzeko.
«Patxadaz gogoeta egin nahi dugu, eta bertze hain bertze egitea eskatzen diegu guri sostengu ekartzera etorri diren jende guztier, denon artean ziur bideak atzemanen ditugula borroka hau erreusitzeko» adierazi du. «Lehen laborarien borroka zena Ipar Euskal Herriko jendarteak bere egin du», amaitu du Amestoyk.