Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Puntarik gabeko geziak Reale Arenako derbian

Nortasun ofentsiboa eta kalitate handiko jokalariak izan arren, arean eraginkortasuna hobetzeko beharrarekin helduko dira larunbat honetan Sanse eta Eibar denboraldiko lehen derbira.

Garitano eta Alonso, udan Eibarrek eta Sansek jokatu zuten lagunartekoaren aurreko agurran. (SD EIBAR)
Garitano eta Alonso, udan Eibarrek eta Sansek jokatu zuten lagunartekoaren aurreko agurran. (SD EIBAR)

Bigarren Mailako denboraldiko lehen derbia hartuko du larunbat honetan Reale Arenak (16.00, Movistar). Igotzeko hautagai nagusienetakoaren eta Zubietako harrobi oparotik elitera heldu den azken belaunadiaren arteko neurketa. Plan ezin erakargarriagoa larunbateko arratsalderako, batez ere talde biek aurreko asteotan faltan bota duten punteria aurkitzen badute, azken finean golan baitago futbolaren saltsa.

Puntarik gabeko geziak izan dira orain arte zuri-urdinak eta armaginak. Nortasun ofentsiboa dute eta golak sartzeko gaitasuna eta kalitatea duten jokalariak ere baina, momentuz, etekin eskasa ateratzen ari dira sortzen dituzten aukera ugarietatik. Sanse, izan ere, Bigarren Mailan gutxien asmatzen duen taldea da, Alcorconekin batera, 360 minututan gol bakarra sartu ondoren. Eta Eibar ez dago harrokeriatan ibiltzeko moduan, apenas bat gehiago ospatu baitu.

Lehen baino lehen konpondu beharreko gabezia. «Egia da sentsazioak onak izaten ari direla eta, partida guztietan une askotan aurkaria baino gehiago izan garela baina zer edo zer gehiago behar da, aukerak asmatu –azpimarratu du Gaizka Garitanok–. Horretan saiatu behar gara, aukerak aprobetxatzen, batez ere markagailuan aurrea hartzen saiatzeko, horrela aurkaria pixka bat irekitzeko, tokia daukagunean gai garelako etekin gehiago ateratzeko baina orain arte ez dugu ia lortu». Antzeko kexa entzun zitzaion ostegunean Xabi Alonsori, bere ustetan ere «aukerak izaten ari gara baina gola sartzea kostatzen ari zaigu pixka bat».

Pena bat, Garitanok azaldu duen bezala, talde bien «asmoa beti» delako «erasoko jokalariak ateratzea eta erasoko proposamena egitea. Nahiz eta ondo defenditu edo batera defenditu, estu. Baina nik uste dut talde bien proposamena beti izaten dela aurkariaren bila joatea, goian estutzea».

Aldea, momentuz, defentsari dagokio. Sanseren partidetan area bietan daude garestiak gola, bata sartu baitu bere garaipen bakarra ospatzeko eta bata jaso du ere, denboraldiko porrota bakarra epaitu zuena Cartagonovan. Lau jaso ditu dagoeneko Eibarrek, berriz, eta horregatik helduko da Anoetara sailkapenean atzeratuta.

Garitanok, izan ere, donostiarrek –lehen taldetik hasita– egiten duten lan defentsiboa azpimarratu du beste edozer gainetik derbiaren atarian. «Realaz hitz egitean asko hitz egiten da kalitateari buruz, nola jokatzen duten… Baina nik gehiago aipatuko nuke nola defenditzen duten, lehen eta bigarren taldeek. Oso gol gutxi jasotzen dute defentsa arloan denek lana ondo egiten dutelako, taktikoki oso ondo jarrita, jende indartsua dute atzean, baloia asko dute beren zelaian eta horrekin ere defenditzen dute», esan du.

Horregatik, inoiz baino gehiago, partidaren gakoa lehen golan egon daiteke, entrenatzaile bizkaitarraren ustetan. «Beti esaten dizuet gauza bera, gakoa markagailuan aurrea hartzea izan daiteke. Ikusi dugu gero, nahiz eta aurkaria baino gehiago izan… Jokaldi bakar batek erabaki dezake partida eta zuhur ibili behar gara, aurreratzen denak asko eukiko baitu irabazita».

Altak eta bajak

Imanolek bigarren taldeko jokalariak deituko badituen jakitea falta da oraindik baina futbolarien erabiligarritasunaren aldetik pozteko arrazoiak badauzka Xabi Alonsok, selekzioetako partidetan aritu diren lau berreskuratuko baititu Eibarri aurre egiteko. Karrikaburu, Roberto Lopez, Turrientes eta Pokorny bueltan daude eta laurek dute hasierako hamaikakoan egoteko aukera handiak, Cartagenaren aurka jokatu zutenek maila dotorea eskaini bazuten ere.

Albisteak ez dira hain onak izan Garitanorentzat, aurreko lau partidetan zentral titularrek ezin izango baitute jokatu. Leganesen kontrako partidan lesionatu zen Arbilla eta klubak herenegun jakinarazi zuenez, eskuin hankako muskulu barne bikia dauka minduta. Norgehiagoka bai amaitu zuen Venanciok baina larunbat honetakoa nafarrarekin ikusi beharko du harmailetatik, gaur jakin izan denez lesioa baitauka eskuin hankako soleoan. Printzipioz, Burgosek eta Etxeitak hartuko dute beren lekukoa.